GARA > Idatzia > Kultura > Irrati-telebista

«Euskal Herriko musika nazioarteko onenarekin parez pare agertuko da»

Fred Berruet

Bat bi hiru! interneteko irratiaren sortzailea

Irratia eta musika zale izanik, biak uztartzeko aukera aurkitu du Fred Berruetek Interneten musikaren inguruko irrati bat sortuz. Joan den ekainean jaio zen eta www.radionomy.com/123 gunean entzungai da geroztik. Ekimenaren sortzaileak argi utzi duenez, euskal rockak toki berezia izango du bere programazioan; bertan abestiez gain musika kronikak entzuteko aukera egongo da.

Itziar AMESTOY | GASTEIZ

Internetek sortzeko aukerak biderkatzen dituenez, irrati berri asko sortzen ari dira azkenaldian. Berruetek fenomeno hau 80ko hamarkadan irrati libreen garaiarekin alderatu du, edozeinek bere ekimena gauzatu ahal baitu.

Noiz jaio zen zure irratia?

Iragan ekainaren 29tik aurrera entzungai dago www.radionomy.com/123 helbidean edota streaming.radionomy.com:8000/123.m3u helbidea norberaren musika irakurgailuan kopiatuz.

Zerk bultzatu zaitu irrati berri hau sortzera?

Irratizale eta musikazalea naizen aldetik, bi zaletasun horiek uztartzeko aukera ematen dit. Ipar Euskal Herriko Gure Irratiaren laguntzaile izan ondoren, beste urrats bat ematea erabaki dut. Internetek irrati bat sortzeko eskaintzen dituen aukerez jabetu nintzenean, ez nuen zalantzarik izan. Plazer handia hartzen dut horretan.

Zein eduki mota landuko dituzu zure irratian?

Musika-irratia da, baina erregularki musika kronikak entzun daitezke. Ez dugu soilik kantu zerrenda luze bat eskaini nahi irrati batek ahotsa ere behar du. Gure asmoa laster batean bertze eduki batzuk txertatzea da, musika kronikez gain. Horrez gain, aktualitatearen araberako programazio bereziak eskaintzen ditugu. Esaterako, aurrekoan, Manu Chao izan zen protagonista Baionan eskaini zuen kontzertua dela-eta.

Zein musika motak izango du garrantzia?

Rock'n Roll, punk, hardcore, garage, pop, reggae, ska, hip-hop, soul, funk... Doinu horiek guztiak entzun daitezke gure irratian. Nabarmendu behar da euskal rockak toki berezia daukala gure programazioan. Bai gure historiako rock klasiko handiek, bai eta eta gaur egungo joera berriek ere. Euskal Herriko musika nazioarteko onenarekin parez pare agertzen duen irratia lortu nahi dugu.

Zein erraztasun eskaintzen ditu Internetek zurea bezalako ekimenak gauzatzeko?

Badirudi 80ko hamarkadako irrati libreen garaira itzuli garela. Egun, edozeinek bere irratia sor dezake Interneten. Bat Bi Hiru! Irratia aterpetzen duen Radionomy Belgikako etxean bertan, Europako 500 irrati baino gehiago sortu dira hiru hilabetez.

Zein da plataforma horren zeregina?

Bakoitzari bere irratia sortzeko aukera ematea da bere zeregina. Bere webgunea oraindik beta bertsioan dago, hots, froga moduan dago eta jada 500 irrati daude.

Nola ezagutu zenuen Radionomy horren sorrera?

Web-irrati bat sortzeko asmoa izanik, aukerei buruz informatzen hasi nintzen eta aukera horren berri izan nuen Interneten bitartez...

Aukerak biderkatzearekin batera, entzulea hainbeste irratiren artean galtzeko arriskua dago, nola egingo duzu zure irratia ezagutzera emateko?

Egia da eskaintza izugarria dela. Baina plazer hutsez ari garenez, berdin zaigu entzule kopurua.

Zein oztopo gainditu behar izan dituzu prozesu honetan?

Radionomy gunea probetan izanik, hainbat arazo tekniko sortzen dira, gehienak konexioarekin loturikoak, baina horiek guztiak laster konpontzea espero dugu. Gainerakoan, nahiko erraza izan da. Irrati egitasmoa aurkeztu nien Radionomy-koei eta gustatu egin zitzaien. Hortik aurrera, programa berezi bat telekargatu eta irratia sortu nuen.

Gune internazional batean egonda, euskara hutsean landuko dituzu edukiak?

Irratian erabiltzen den hizkuntza euskara da. Ez dugu oraingoz bertze hizkuntzarik erabiltzeko asmorik. Hala eta guztiz ere, Radionomy-ren interfazea Europa guztira zuzendua denez, irratiaren inguruko albisteak beste hizkuntza batzuetan ere eskaintzen ditugu.

 

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo