Mikel Aramendi Kazetaria
Usteen usteltasunaz, berriro
Gehiegikeria izango litzateke Mikhail Saakashvili, egungo Georgiako lehendakaria, eta Leopoldo Fortunato Galtieri, duela mende laurdeneko argentinar agintari militar gorena, zuzenean parekatzea. Orduko Falkland-Malvinetako egoera eta egungo Hego Osetiakoa hain ezberdinak izateaz gain, bi pertsonaien arteko aldeak ere nabarmenak dira. Baina, zerbait funtsezkoa badutela komunean esango nuke: kalkulu politiko-militar garrantzitsuenak oker egiteko patua.
Joan den ostegunaz geroztik Hego Osetian gartu den gerra ulergaitza gertatzen baitzait haren abiapuntuan Saakashviliren kalkulu oker potoloa kausitu gabe... beste hamaika gerratan bezalaxe, egia esatearren. Georgia eta Hego Osetiaren arteko auziaren nondik norakoak epaitzea beste baterako utzita (Kaukason horrelako auziak nondik sortzen diren eta noiz/nola amai daitezkeen tematzea ariketa intelektual interesgarri bezain amaiezin eta alferra delako, besteak beste), argi legokeelako «Konstituzioaren aginpidea berrezartzeko» georgiar indar armatuek ostegunean hasi zuten ofentsibaren helburua nekez izan zitekeelako oraintxe bertan dutena: georgiarrak militarki menderatuta eta diplomatikoki antzututa daudela, gaur gaurkoz. Baina espero zitekeena ez ezik esperagarriena zen hori...
Azken hamarkada honetan Moskun indartzen joan den jarrera larderiatsua nik baino askoz hobeto ezagutzen dutela ziur nagoenez, harrigarria gertatuko litzaidake Saakashvili eta haren aholkulariek ez balute aurreikusi Errusiak militarki erantzun behar zuela (baina hori bera ere posiblea dela aitortu beharko dut, errusiar Lur Armadako tankeak eta kanoiak Vladikavkazetik Tskhinvalira irits zitezen eragozteko georgiarrek fitsik ez dutela egin dirudienean: ahaltsuagoa denari erraztasunak eskaini zaizkio, airean ere nagusitasun osoa duenean). Gutxiagotasun militar nabarmen horri buelta emateko adinako babes diplomatiko eta politikoa aurkituko zutela Mendebaldean uste izan badute, ordea, Tbilisiko agintariek are hutsegite larriagoa egingo zuten: Kosovoko aurrekaria hurbilegi dago... eta Errusiarekiko harreman ekonomiko eta politikoen goxotasuna ia beste edozeren gainetatik dago, Europar Batasunarentzat behintzat.
Eta Estatu Batuetan, hauteskundeetarako hiru hilabete falta direnean, hiriburua Atlantan duena da arreta merezi duen Georgia bakarra.