Ixabel Etxeberria Irakaslea
Zain, noiz arte?
Kultura folklorizazio bidean delarik gogoeta sakonaren beharra badu. Noski sorkuntza mailan adibide oso onak ditugu baina sorkuntza ez da aski kulturaren biziarazteko, jendeak bizi behar du, sentitu
L'Expansion» aldizkariak Ipar Euskal Herriko pertsonalitate nagusien hautaketa eta aurkezpena egin du. Sailkapen horretan abertzale bakar bat agertzen da, Jakes Abeberry. Hogei pertsonalitatetik bakar bat abertzalea. Nolabait Ipar Euskal Herriaren azken urteetako historiaren ezabapen sinple baten egiteko manera. Zerbait egongo da baina azken finean oso bazterreko ibilbidea, eragin ahulekoa eta azaleko aztarna uzten duena, hau da abertzaletasunaz diotena. Sailkapen horretan ez dago gazte abertzalerik, eraikitako proiektuen aipamenik ere ez. Herri idiliko baten irudia banatzen dute. Izan ere, interes handia sortzen ari da Ipar Euskal Herriaren inguruan, sekula baino erreportaje gehiago erakusten dituzte, turismoaren sustatzeko eta turisten erakartzeko. Lurralde pazifikatuaren ideia eman nahi dute, nortasun baten itxura zerbait atxikiz beti ere, horrek exotismo kolore bat eskaintzen baitu turismo inteligente bat bilatzen dutenentzat.
Turismoaren aldeko politikari erantzutea zaila bilakatu zaigu, hain makina indartsua den, erabiltzen dituen mekanismoak hain maltzurrak diren. Batzuendako gehi bat izan daiteke, bizi kalitatearen hobetzeko, beste batzuentzat, ezagutza berrien egiteko, normaltasun osoz ikus daiteke, denok turismoa egiten baitugu. Turismoak nortasuna hiltzen duelarik eraso gisa sentitzen dugu eta hau da gertatzen dena. Turismoko holdinek dute eremua hartzen eta dirua egiten, hauek dute herri baten kultura eta bizitzeko manera zentzuz husten. Joan den egunean herriko plazan euskal dantza talde bat dantza tradizionalen erakustaldia egiten ari zen. Hurbildu ginen. Lotsa. Lotsa sentitu genuen dantza klasikoenekin egiten zutena ikusiz. Ez zuen horrek deus ikustekorik betiko dantzarekin, alta normaltasun osoan aritu ziren, txaloen artean. Bertakoak ziren, ez zuten inongo interesik, begirunerik egiten zutenarekiko. Horrek erreakzionatzea merezi du, kultura folklorizazio bidean delarik gogoeta sakonaren beharra badu. Noski sorkuntza mailan adibide oso onak ditugu baina sorkuntza ez da aski kulturaren biziarazteko, jendeak bizi behar du, sentitu.
Oporrak bukatzen ari dira, sartze politikoa hurbiltzen ari zaigu, ABko elgarretaratzea iraganen da laster. Debateen bultzateko garaia heldu da, kulturaren bultzatzeko beharra horietako bat izan daiteke. Elkarrekin, abertzaleak bilduz, norabideen finkatzeko elkartzearen interesa agertzeko parada hartu behar genuke. Orain arte egin dugunak bere fruituak ekarri ba ditu ere, beste proiektuen antolatzen hasi behar genuke, azken egun hauetan tresna klasikoak mintzatu dira, segur aski gure ezintasunaren ondorioz eta bereziki estatuak gurekiko, abertzaleekiko duen elkarrizketa ezaren ondorioa.
Sarkozyk erran omen du euskara ez dela independentisten eskuetan utziko. Ados gara, gertatzen da frantses estatuko urratsen zain gaudela. Noiz arte?