GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Elizondoko gaztetxekoak bestetara gonbidatu ditu Leitzako Atekabeltzek

Leitzako Atekabeltz gaztetxeak hiru urte bete ditu aurten, eta ostegunean Gazte Eguna ospatzeko, gaztetxeen topaketa antolatu dute. Elizondoko gazteak goizetik etorriko dira, eta egun osoko egitarauarekin gozatu ahal izanen dute: Goitibeherak, bazkaria, jokoak, manifestaldia... eta gauean Zpeiz Mukaki txaranga bereziak Leitzako kaleak umorez beteriko bestaz bustiko ditu. Hala ere, gazteen bestetako egitaraua joan den larunbatean hasi zen.

p016_f03_148x091.jpg

Jasone MITXELTORENA |

Leitzako Atekabeltz gaztetxeak, herriko beste eragile batzuekin elkarlanean, aurten ere jaietarako ekitaldi asko antolatu ditu. Joan den larunbatean hasi zituzten bestak, atzoko txupinazoari itxaron gabe, eta ostegunerako antolatu dute euren eguna, Gazte Eguna, hain zuzen ere. Azken urteetan galdutako ohitura da euren eguna ospatzearena, baina aurten berreskuratu egin dute, gaztetxeen arteko topaketa izateko Elizondoko gazteak gonbidatu dituzte.

Ostegunean 10.30etan jarri dute hitzordua baztandarrei harrera egiteko. Handik ordubetera, goitibeherak hasiko dira, ohikoa duten ikuskizun xelebrea eskainiz. Bazkalorduan Atekabeltz gaztetxean bilduko dira, entsalada, haragi gisatua, postrea, kafea eta kopa eskainiko dituen bost euroko menuaz gozatzeko. Bazkalondoko nagiak kenduz, kalejira eginen dute herriko plazara, han jokoak antolatu baitituzte. Horiek zertan diren ongi azaldu ez badute ere, 18.00etan zezen ttikiak ateratzen direnean animalia horiek ere parte hartuko dutela aurreratu dute... berezia izanen omen da, eta ziur merezi duela. Jokoetatik ongi ateraz gero, 19.00etan manifestaldia eginen dute gazteek, herri osoan barna. Gauerdian Zpeiz Mukakiren kalejira eta Esne Beltza taldearen kontzertua izanen dira.

Zpeiz Mukaki kalejira

Lapurdiko gazte talde hau ezaguna da dagoeneko Euskal Herriko bestetan. Euren burua txaranga bezala aurkezten badute ere, ez dute ohiko fanfarreen antz handirik. Esku soinua, gitarra elektrikoa, bateria, gaita eta saxoa, atabala, gnawa, bonboa eta bestelako tresnak jotzen dituzte, eta musikariekin batera ibiltzen dira Eneritz Zabaleta , Xumai Murua bertsolariak eta hamar lagun inguruko taldea osatzen duten dantzariak. Kalejira alai eta berezi bat sortzen dute, ikusteko gozagarri izan daitekeen heinean dantzarako gogoa ere ematen duena. Txaranga eta bestelako musika tartekatzen dituzte; Kortatu, Negu Gorriak, Lin Ton Taun, Exkixu, La Polla, Anje Duhalde nahiz euskal herri-kantak eskaintzen dituzte. Eurek azaltzen dutenez, «bestan eta bestarako sortua» da eta «euskal dantzari gaurkotasuna eta freskotasuna ekarriz errautsa kentzen dio». Beraz, euskal dantza tradizionala 80 eta 90 hamarkadetako musikarekin lotzen dute. Punka, ska eta folk- rocka musika motak nahasiz, «animazio ibiltari eta umoretsua»sortzen dute Zpeiz Mukakiko kideek.

Arrakasta ere agerikoa da; aste honetan Leitzan aritu ondotik, Debako bestetan, Bilboko jaietan, Argentinan eta Alemanian aritzekoak dira.

gaur Gaztetxean

Joan den larubatean hasi zituzten bestak Leitzako gazteek; eguerdian koadrilen bazkaria egin zen Torrean, eta arratsaldean Kataluniako Electrocharangarekin kalejira izan zen. Gaur gauean, DJ bat arituko da Atekabeltzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo