GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

sega Euskal Herriko finala

Arteagak, finaleko gazteenak, lortu du garaipena

Baliarraingoa izan zen Leitzan jokatu zen finaleko onena. Bigarren postuan sailkatu zen Goikoetxea, eta Ormaetxea, faborito nagusia, hirugarren.

p028_f01_444x444.jpg

Jon LEUNDA | LEITZA

Ezustea izan zen atzo Leitzan, eta Arkaitz Arteagak lehen aldiz jantzi zuen Euskal Herriko txapela. Baliarraingoak lehen finala jokatu zuen atzo, eta txapela buruan zuela etxeratu zen.

Jende ugari batu zen Leitzan azkeneko saioa ikustera, bertan baitziren 500 ikusle inguru. Belarra ez zen txarra, baina ez zen handia ere. Segalariek lanak azkar bukatu zituzten, izan ere, lana ordubetekoa baldin bazen ere, Goikoetxeak sail guztiak 54 minutu eta 30 segundotan burutu zituen, eta ordezkorik ez zegoenez, arautegiak jarraituz, hortxe amaitu zen lehiaketa.

Jexuxmari Ormaetxea zen atzokoa irabazteko faboritoa. Kanflanka nafarra kenduta, beste laurak Gipuzkoako finalean aritutako segalariak ziren. Orduan Orendaingoa zen txapelduna, eta atzo ere bera zen adituen ustez txapela jantzi behar zuena, baina usteak ustel atera ziren, Gipuzkoako txapeldunak ez baitzuen bere egunik onena izan.

Sailetan Goikoetxea izan zen nagusi. Gaztelukoak orain dela bi urte lortu zuen Euskal Herriko txapela, eta atzo ere garaipena erdiestera joan zen Leitzara. Bera agertzen zen kinieletan Ormaetxearekin batera, eta sailetan, behintzat aurretik joan zen. Bera izan zen amaierara iristen lehena, eta gehiago ez zegoenez, ordubete bete baino lehen amaitu zen.

Ezustea

Gauzak horrela, inork gutxik uste zuen txapela Gaztelura joango ez zenik. Berak lan ona egin zuen, eta zigor bat jaso baldin bazuen ere, amaieran denek bere aldeko joera zuten. Beste faboritoak, Ormaetxeak, ez zuen bere egunik onena izan. Honek ere zigor bat jaso zuen, baina Gipuzkoako finalean aritu zenaren maila baino beheragotik ikusten zen.

Aranaldek ere badaki zer den Euskal Herriko txapela janztea, baino honek ere ez zuen bere egunik onena izan, eta nahiko ahul aritu zen. Kaflanka leitzarra zen lehen aldiz aritu zen beste segalaria. Bere herritarren aurrean jokatu zuen estraineko aldiz Euskal Herriko finala, baina garbi zegoen honek ez zuela irabaziko.

Arteaga zegoen hor ezkutuan. Gipuzkoako finalean ere lan bikaina egin zuen, baina bera zen azkeneko ekinaldi honetako gazteena, eta beregan ez zegoen konfiantza gehiegirik. Hori bai ikusten zen lan ona egin zuela, ez zuen inolako zigorrik jaso, eta garbi zegoen aurrean ibiliko zela, baina sailetan Goikoetxearen atzetik aritu zen.

Lanak amaituta zeuden. Biltzaileak falta ziren egin beharrekoa egiteko, eta ondoren pisaketa. Hori amaitu zenean ezustea heldu zen, Arteagak lehen aldiz jantzi baitzuen txapela.

Nahiz eta 47 kilogatik bakarrik izan, nahikoa zen garaipena erdiesteko. 20 kilo kendu zizkioten Goikoetxeari zigorrengatik, baina hori ez zen aitzakia, zigorragatik kilorik kendu izan ez bazizkioten ere, txapela Baliarraina joango baitzen. Kirolariaren poza eta emozioa ikaragarria izan zen, eta ez zen harritzekoa, 23 urte besterik ez baititu, eta jadanik jantzi du segako txapelik preziatuena.

Goikoetxeak bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen, eta Ormaetxeak, faborito nagusiak, hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuen azkeneko ekinaldian.

Arteaga: « Ez nuen uste Euskal Herriko txapela lortuko nuenik»

Arkaitz Arteaga gizon zoriontsua zen atzo, eta ez zen gutxiagotarako, 23 urterekin, Euskal Herriko txapela lortu baitzuen: «Ez nuen uste hau lortuko nuenik. Oso gustura aritu naiz lanean, eta ongi amaitu dut. Behin bukatuta, konturatu naiz zerbait egin nezakeela», aitortu zuen.

Zeini eskainia ere bazuen atzoko txapela: «Niri laguntzen aritu diren guztiei, beraientzat da txapel hau», esan zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo