Duela urtebete zendu zen Sabin Euba omendu dute senide eta lagunek Zornotzan
GARA |
Duela urtebete, Entzutegi Nazionalaren agindua zela medio eta Ertzaintzaren jazarpenaren bidez ezin izan zitzaion hildako Sabin Euba errefuxiatuari omenaldirik eskaini. Hori salatu ondoren, ekitaldi xume baten bidez gogoratu nahi izan zuten larunbatean bere jaioterria zen Zornotzan. Bertako «gudarien mendi tontorrean» bildu ziren, tartean lagunak eta senideak zirela, «inoiz ez zaitugula ahaztuko esateko eta zure senideei gure berotasuna adierazteko».
Ekitaldian, ikurrina eta Sabin Euba zenaren bi argazki handi jarri ziren. Hizlariak zera nabarmendu zuen: «Zu ezagutzeko pribilegioa izan genuenok badakigu nolako gizona zinen eta ezagutu ez zintuenak zutaz asko entzun du, dena ona. Militante moduan nahiz pertsona moduan, eredu bat zara. Urte luzeak eman zenituen borrokan Euskal Herri aske baten alde. Gatazkaren eta errepresioaren alde gordinenak eta latzenak pairatu behar izan zenituen. Baina, hala ere, zure azken egunera arte ez dugu inoiz amore eman eta zure ideiei eta borrokari eutsi diezu».
Iazko abuztuaren 5ean hil zen Sabin Euba, gaixotasun larri baten ondorioz. 70 urte zituen.