GARA > Idatzia > Kirolak > Arrauna

Espainiako Txapelketa

Astillero erakustaldia emanez bueltatu da gorengo mailara

Urdaibaik bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen eta Hondarribia hirugarrena izan zen egundoko estropada egin eta gero

p027_f01_148x132.jpg

Ander GARTZIA | BILBO

Astillero handienen artean handiena sentitu zen arraunaren gorengo mailara bueltatu zen egun berean. Bi urtez hainbat lehiaketetatik kanpo egon eta gero, indarrez eta kemenez beteriko garaipena eskuratu zuten Castron ospatutako Espainiako Txapelketan. Kantabriarrek, aurreneko aldiz neurtu zituzten indarrak San Miguel ligako ontzirik indartsuenen parean eta emaitza beldurgarria izan zen gainontzeko aurkarientzat: 15 segundotako errenta Urdaibairi, 21 Hondarribiari eta 39 Castrori.

Astillerokoak estropada txikitzera atera ziren, marka guztiak ezerezean ustera, eta balentriaren bila abiatzeko baldintzarik hoberenak ez baziren ere, oso gertu geratu ziren. Denboraldi osoa ARCko bigarren multzoan jardun ostean, bazekiten bere eguna iritsi zela; negu hasieran Jose Manuel de Francisco prestatzaileak bere mutilei gorriz azpimarratu zietena, eta negu berean auto istripu batean zendu zen Fernandez Lores kideari eskaini nahi zietena. Eta ez zuten hutsik egin. Kantabriarrek zortzigarren garaipena erdietsi zuten Espainiako Txapelketan, eta prestatzaile batzuen amets gaiztorako, Kontxako Banderan izango dira.

Uretako epaileak hasierako «txanpa» balioztatzen duen bandera jaitsi orduko uxatu zituzten «San Jose XIV.a» ontziko gizonek bere errendimenduaren inguruan geratzen ziren zalantza apurrak. Iazko txapelduna, Urdaibai, saiatu zen lehen ziabogara bitartean aldea estutzen, kantabriarrek erritmo falta sumatu zezaketelakoan, baina horrelakorik ez zen eman. Egungo San Miguel ligako liderrak ezin izan zuen kantabriarren erritmo gogorrari eutsi eta bigarren ziaboga eta gero aldeak murrizten ez zirela ikusita, zilarrezko domina mantentzearekin konformatu ziren.

Izan ere, atzetik aurrera, estropada bikaina osatuz, «Ama Guadalupekoa» ontzia iritsi zen Castroko hondartza parean kokatutako balizetara. Hondarribiarrek meritu osoz lortu zuten ohorezko txandarako txartela, eta atzo, ezusteko berri bat emanda, zilarrezko domina jantzi zuten lepoan. Etxeko traineruarentzat, berriz, egun beltza izan zen zaletuen aurrean. Hasierako txanpa bukatu orduko, atzean ziren Juan Mari Etxaberen gizonak eta bigarren maniobran Astillero baino hogei segundo gehiago behar izan zituzten.

Meiraren erreferentzia

San Pedrok, ere, ez zuen bere maila eman eta aukera gutxi izan zituen aurreneko txandan garaipena eskuratzeko. Funtsean, ezer gutxi zegoen jokoan, Meirak eskaini zezakeen mailatik aparte, irailean Arkoterekin eta Isuntzarekin egin baitezake topo. Izan ere, galiziarrek iraileko play-offetara azaltzeko asmoa agertu dute eta atzoko denborak ikusita San Miguel ligara igotzeko aukerak izango dituztela erakutsi zuten.

Hondarribia eta Castro, txapelketako final bereko muturreko bi aurpegiak

Castroko uretan ospatutako Espainiako Txapelketan galtzaile nagusirik izan bazen, hori etxeko ontzia izan zen. Kamiseta gorridun zaletu andana bildu zen Castroko hondar ertzean, «La Marinera» traineruaren beste balentria bati eskerrak bandera herritik mugituko ez zenaren itxaropenarekin.

Hala ere, larunbateko denborarik onena markatu arren, igande beltza izan zen kantabriarrentzat. Juan Mari Etxabe berak ere ez zuen arrazoi garbirik aurkitzen: «Txanpatik atera eta berehala ikusi dut trainerua ez zihoala ondo. Palada ez genuen ongi bukatzen, hilda bezala ateratzen zen uretatik. Zehazki ez dakit zer gertatu den, mutilekin hitz egin eta bideoa berriz ikusi beharko dut. Agian mutilak urduritasunak jota zeuden, estropada gure etxean jokatzen zelako eta, akaso, gehiegi nahi genuelako. Zerbait handia egin nahi genuen baina, agian, ez gara gai», azaldu zuen Castroko prestatzaileak estropada bukatu eta berehala.

Txanponaren beste aurpegia Hondarribiko arraunlarien poztasunak erakusten zuen. Gipuzkoarrek San Miguel ligan erakutsitako hobekuntza berretsi zuten atzokoan eta Castro bezalako ontzi indartsua garaitzeko gai direla erakutsi zuten. Hondarribia Arraun Elkarteko presidentea den Joxemi Elduaien bera ere, irribarretsu agertu zen estropadaren amaieran: «Guretzat asteburu borobila izan da eta oso gustura gaude. Mutilek lan handia egin dute eta guretzat asko da aurreko ontziekin lehian ibiltzea. TKE ligako aurreneko txanda oso zaila da eta asteburu honetan hemen jokoan zegoena ikusita Urdaibai bezalako talde batetik gertu ibiltzea eta Castroren aurretik oso seinale ona da». A. G

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo