BELA 49er
Antolakuntzaren erabakiek kalte egin diete Iker eta Xabiri
Eguneko hirugarren estropada portu inguruan egitea erabaki zuten agintarien «kapritxoak» betetzeko, nahiz eta eremu horretan batere haizerik ibili ez.
Asier AIESTARAN | DONOSTIA
Iker Martínez eta Xabier Fernandez ez ziren batere gustura gelditu 49er lehiaketako lehen jardunaldian. Atenaseko irabazleek bikain ekin zioten egunari, baina orduak pasa ahala gauzak erabat okertzen joan ziren. Lehenengo hiru estropadak jokatu ostean, balantzea ez da nahi bezain ona, euskaldunak zortzigarren postuan daude 28 punturekin, lidertzatik 16 puntura.
Espero zen moduan, kirolari gipuzkoarrak hasiera-hasieratik saiatu ziren aldeak irekitzen. Lehenengo estropadaren erdialderako Iker eta Xabi aurre-aurrean ziren Danimarka eta Italiako ontziekin batera. Azken baliza igaro bezain laster, erdialdera etorri ziren eta eguneko lehen proban garaipena eskuratzea lortu zuten. Gauzak bide onetik zihoazen, beraz, bikote euskaldunarentzat.
Baina bigarren estropadatik aurrera gauzak okertzen hasi ziren. Haizea baretzen joan zen orduak pasa ahala eta azkenerako baldintzak oso eskasak ziren. Parte-hartzaile askoren hitzetan, horren haize gutxirekin lehiaketa bertan behera uztea beharrezkoa zen.
Edonola ere, lehiak aurrera jarraitu zuen eta bigarren proban Iker Martinez eta Xabi Fernandezek ezin izan zuten hamargarren postutik pasa. Irteera kaxkarra egin zuten eta aurreneko balizara hamaseigarren postuan iritsi ziren. Apurka-apurka postu batzuk hobetzea lortu arren, sailkapen nagusian nabarmen egin zuten atzera. Bigarren proba hori Outerdge eta Austin australiarrek irabazi zuten.
Oso haserre
Eta eguneko erabakirik mingarriena hirugarren estropadan iritsi zen. Antolatzaileek proba portu ingurura gerturatzea erabaki zuten, haizerik gutxien zebilen ingurura. Jendeak hobeto ikusteko hartu omen zuten erabakia, baina ondoren jakin zenez pertsonai garrantzitsuren batek ontziratu beharrik gabe proba jarraitu ahal izateko egin omen zuten. Estropada eremuak mila-erdi ere ez omen zuen izango orotara. Baldintza horietan, ezer gutxi egin ahal izan zuten euskaldunek. Hamazazpigarren bukatu zuten eta Sibelli anaiak izan ziren garaileak.
«Hemendik aurrera kontuz ibili beharra daukagu, ahal bezainbeste puntu biltzeko. Nahi baino atzerago gaude, baina aurreneko bi estropadak onak izan dira, gauza batzutan asmatu egin dugu eta beste batzutan ez. Bigarrenean, adibidez, arazoak izan ditugu Komitearen ontziarekin eta baita korrontearekin ere. Baina hirugarrena portura eramatea ez dut ulertzen. Beste lekuetan haizea bazebilen eta han batere ez. Hemen estropadak jartzen dituzte, beste ezeri begiratu gabe, eta ez dute arazorik nahi», esan zuen Iker Martinezek haserre.
Yoana Martinez donostiarrak agur esan die Olinpiar Jokoei final hamaseirenetan Maria Kristin Yulianti indonesiarraren aurka galdu ostean (21-9 eta 21-14). Badminton jokalariak bazekien hasi aurretik aurkari gaiztoa zuela aurrean eta markagailuan atzetik ibili zen beti. Edonola ere, lehen partida irabazi eta bigarreneko bigarren setean 14 tanto egitea aipatzekoa da. «Hasieratik ikusi da ni baino gehiago zela, baina pozik nago egindako jokoarekin. Lehiaketa hau oso positiboa izan da niretzat, kanporaketa bat gainditzea lortu dudalako eta aurkari gogor baten aurka galdu dudalako», adierazi zuen Yoanak.A. AIESTARAN
Euskaldunek garaipen batekin hasi zuten jardunaldia. Bigarren proban hamargarren amaitu zuten eta hirugarrenean ezin izan zuten hamazazpigarren postutik pasa.
Honenbestez, Morrison eta Rhodes britainiarrak daude sailkapen nagusiaren lidertzan 12 punturekin. Bikote euskalduna zortzigarren postuan dago 28rekin.