Gurean irudikatzen ari den «zirkoari» mozorroa kenduko dio segik
Ibarretxe, Sanz, Zapatero eta Sarkozy Euskal Herria saltzeko xedez «zirkoa» irudikatzen ari direla uste du Segik. Hori dela eta, estrategia horri galga jarri eta independentzia egunez egun eraikitzea ebatzi dute makina bat gazte bildu dituen Udako Gazte Eskoletan.
Oihana LLORENTE
Kolore ezberdineko poliziek azken hilabeteotan gazteen aurkako operazioekin Euskal Herriko mapa marraztu eta hamarka gazte espetxeratu dituzten arren, gazte belaunaldien emaria ez da moztu. Horren lekuko izan dira aurten ere uztailarekin batera Segik antolatzen dituen Udako Gazte Eskolak (UGE). Euskal Herriko hainbat txokotatik heldutako makina bat gazte bildu dira hausnarketarako gunea izan nahi duten lau egun hauetan. Beharrezko patxadarekin, gazte erakundeak datorren ikasturtean izango dituen erronkak finkatu eta hitzartu dituzte bertan. Gazteriarengan eragina duten gai anitzen inguruan trebatzeko beta ere hartu dute; betiere, jolas eta giro alaiari beharrezkoa tartea utzita.
Lehen eguna azken hilabeteetako errepasoa egiten eman zuten. Egoera politikoa hizpide izan zuten eta «EAJ eta PSOE gauzatu nahian dabiltzan iruzurra» salatu zuten. Segiren aburuz, PSOEk «Espainiaren menpeko Euskal Herria» nahi du, eta Urkulluren alderdiaren interes bakarra «boterea eta dirua» da. Horiek horrela, Segiren esanetan, bi alderdiek eskutik hartuta egungo markoa mantentzeko hautua egin dute. Makina bat titular eskuratu dituen Kontsulta Legea, aldiz, «mozorro abertzalea» jartzeko parada besterik ez dela uste dute.
Nafarroa eta Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoaz ere aritu ziren, lurraldetasuna baita Segiren ustez gatazka konpontzeko gakoetako bat. Euskal Herria saltzen utziko ez dutela nabarmendu eta ziur azaldu ziren EAEko kontsulta edo Pays Basque 2020 bezalako planak geldiaraziko dituztela esaterakoan. Finean, gazte erakundearen esanetan, «zirkoa» da uneotan gurean irudikatzen ari dena eta beraiek zirko hori geratzeko irmotasuna dutela frogatu dute udako eskoletan.
Sistema kapitalistak, zatiketarik ez
Euskal Herria zatikatua egon arren, Segik argi du tokian tokiko boteredunak jendarte eredua sustatzeko unean ados direla; Segiren aburuz, UMPk, UPNk zein EAJk gazteei egiten dieten eskaintza bakarra «negozioari makurtutako gizartearena» da. Sistema kapitalista patriarkala «prekarietaren eredua» dela sostengatu dute; horrez gain, «lan istripuen eredua, zerbitzu publikoen pribatizazioa edota gizartearen merkantilizazioa» bultzatzen duen eredua dela salatu dute.
Gainera, sistema kapitalistak gazteen eskubideak, arloz arlo, zapaltzen dituela deritzo gazte erakundeak. Hori ekiditeko eta alternatiba gisa, Euskal Estatu Sozialista eraikitzen jarraituko dutela berretsi dute.
Independentzia eskuratzea da Segiren xedea, baina gazteek berretsi bezala, «kritikotasunean, parekidetasunean, kolektibotasunean... oinarritutako independentzia da ortzimuga». Helburu hori egunez egun betetzeko, ordea, badute tresna eta, iazko gazte eskoletan erabaki bezala, eraldaketa soziala dute berriz ere borrokarako lehentasun.
Aurten, Abiadura Handiko Trenaren (AHT) aurkako borroka izan dute hizpide nagusi eskoletan, hori baita etxebizitza eskubidearekin batera, herriz herri landuko duten lan lerro nagusia. Azpiegitura hori gelditzera doazela azaldu dute Udako Gazte Eskoletako antolatzaileek, AHT sistema kapitalistaren «ondorio materialena» dela uste baitute.
Segiren ustez, badira baita materialak ez diren baina gazteriarengan eragin itzela duten kapitalismoaren hainbat faktore. Eskoletan jasotzen den hezkuntza, sexualitateari ezarritako baloreak edota emakumeak pairatzen duen zapalkuntza dira horietako batzuk eta udako eskoletan horien inguruan hausnartzeko beta hartu dute. Internazionalismoaz edota komunikazioaz ere jardun dira eta elementu horiek guztiak «borroka ikuspegian» kokatzearen garrantzia nabarmendu dute.
Antolatzaileek Udako Gazte Eskolak «emankorrak eta arrakastatsuak» izan direla adierazi dute, parte-hartzea, bai kuantitatiboki bai kualitatiboki, «handia» izan baita.
Lantalde, hitzaldi edota tailerren bidez, egoera politikoa, Abiadura Handiko Trena, hezkuntza, komunikazioa, sexualitatea edo feminismoa aztertzeko beta izan dute lau egunez.