GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Kronika | Leitzako besteak

Ezpatadantzariak eta ikurrina, herritarrak elkartzeko erakarleak

Leitzako jaietako egun handian dantzak, ikurrina eta kirolak nagusitu ziren. Dantzan eta kirolean maila ona dago herrian Aurrera elkarteari esker eta zaletasuna ere badela agerian geratu zen atzo: jendetza elkartu zen. Hori baliatuta, ikurrina omendu zuten.

p018_f02_199x092.jpg

Jasone MITXELTORENA

Tiburtzio Donearen eguna ospatu zen atzo Leitzan. Eguerdian, ohitura denez, Aurrera dantza taldeko ezpatadantzarien saiorako leitzarrak nahiz bertze herrietatik etorritako bestazaleak plaza inguruan bildu ziren. Ikusmin handia sortzen du saioak; dantzariak trebe aritzen direlako, zaletasuna dagoelako... baina, baita, herritarrak elkartzen diren une hori ikurrina omentzeko aukera delako ere.

Dantzariek sartu zuten plazan, eta alkate gazteari, Xabier Zabalori, eman zioten. Hark, plazako lehen lerroko jarlekutik, saio guztian eutsi zion euskal ikurrari. Ezpadantzariek hankak lurrean baino gehiago airean izan zituzten eta fin ibili ziren bata bestearen ondotik eskaini zituzten piezetan. Banakako saioetan jendetzak bereziki txalo eta oihu egin zien, herrian dieten maitasunaren eta ongi egindakoaren aitortzaren erakusle. Zirraragarria izan zen ikurrinari Leitzan egindako harrera eta dantzariekiko miresmena. Ageri-agerian geratu zen herriaren euskal izaera. Leitzako, Nafarroako eta Euskal Herriko ikurrak ageri ziren Udaletxean eta frontoian; zenbait etxetan eta kaleetan ere ikus zitezkeen ikurrinak. Euskal izaera adierazten duen ikurra ez zen hain sutsuki defendatuko herrian eraso egin izan ez balute.

Eta bazen atzo Leitzan eraso horren adierazgarririk. Frontoiaren gainean dagoen Baleztena jauntxoen etxeko balkoiak, frontoi inguruan bildutako herritarren gainetik, bertze garai batzuk oroitarazten dituen irudia agertzen zuen: «la española»ren azpian, ongi orraztutako bibotedun aurpegi zurruna. Dantzariei txalo, ikurrinari muzin. Leitzak eskaintzen zuen irudi orokorrean arreta deitzeko modukoa bazen ere, bertzelako ikur eta aldarrikapenez beteriko herrian txiki gelditu zen.

Kirolarekiko zaletasuna

Dantza saioaren ondotik, pilotak hartu zuen lekukoa frontoian. Gazteak aritu ziren; Onsalo eta Mitxelena Pikabea eta Iriarteren kontra. Dantza saioa hurbiletik segitu zuten Abel Barriola eta Oinatz Bengoetxea ere frontoian ziren, ondorengo belaunaldiek euren bidea segituko ote duten edo... Leitzako Aurrera pilota eskolak aurrera segituz gero, hala izanen da; iaz Herrien Arteko Euskal Herriko Txapelketa irabazi zuten eta aipaturiko bi pilotari handiak bertatik irten direla jakinda, ez dago dudarako tarte handirik.

Arratsaldean, kirolekin segitu zuten Leitzan; hala, aizkoran eta harria jasotzen aritu ziren.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo