TXIRRINDULARITZA Erlojupekoa
Cancellara eta Schumacher parez pare, urrearen bila
Suitzarra eta alemaniarra dira erlojuaren kontrako probako faborito nagusiak. Dena den, ez dira bakarrak, Rogers, Kirchen eta Menchovek ere aukerak baitituzte. Samuel Sanchez, aldiz, presiorik gabe arituko da.
Beñat ZARRABEITIA | BILBO
Erlojuaren legeak markatuko du gaur 07.30etatik aurrera nor den txirrindularitzan jokoan dagoen bigarren urrezko dominaren irabazlea. Proba Txinako Harresi Handiaren inguruetan lehiatuko da eta, adituen arabera, zirkuitua benetan gogorra da. Horiek horrela, erlojuaren kontrako saioetan espezialistak diren txirrindulariez gain, sasoi fisiko onean dauden karreristek ere euren aukerak izan ditzakete dominen lehian.
Faborito nagusiak Fabian Cancellara eta Stefan Schumacher dira. Suitzarra egungo munduko txapelduna da eta ikaragarrizko potentzia du. Jada domina bat irabazi du Olinpiar Joko hauetan, errepideko proban hirugarren postuan sailkatu baitzen. Gainera, Tourreko erlojupekoetan ez zuen bere maila eman, eta, ondorioz, Beijingen arantza hori kendu nahiko du.
Bere arerio nagusia Frantziako errepideetan bikain aritu zen Stefan Schumacher da. Alemaniarrak Tourreko bi erlojupekoak irabazi zituen eta maillot hori ere jantzi zuen. Gaurkoan, urtea borobildu eta urrezko domina zintzilikatu nahi du.
Dena den, suitzarra eta germaniarra ez dira aukerak dituzten bakarrak. Izan ere, Rogers, Kirchen, Menchov, Levi Leipheimer edo Cadel Evans bezalako txirrindulariak ere podiumera igotzen saiatuko dira.
Konfiantzaz gainezka arituko dena Samuel Sanchez asturiarra da. Euskaltel Euskadi taldeko txirrindulariak jada konplitu du errepideko proban urrea lortu ondoren eta lasaitasun osoz arituko da. Bere esanetan, «nik badaukat jada urre bat. Sekulako saioa irteten bazait, bikain, bestela, ez da ezer pasatzen. Nire mentalizazioa domina lortu izan ez banu bezalakoa da».
Morenok positibo eman du
Jokoak hasi baino lehen Maribel Morenok Txina utzi zuen, ustez antsietate krisi batek jota. Baina, atzo jakindakoaren arabera, karrerista kataluniarrak positibo eman du EPO hartzeagatik.
Bestalde, gaur jokatuko da emakumezkoen erlojupeko proba. Bertan, Hanka Kupfernagel alemaniarra, Kristin Armstrong estatubatuarra, Karen Thurig suitzarra eta Cristiane Soder austriarra dira aukera gehien dituzten txirrindulariak.