Harri-jasotzea
Izeta II.a erraz gailendu da Igeldoko harriarekin
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Ez zen inolako ezusterik egon, eta Izeta II.ak bosgarren urtez jarraian irabazi zuen Donostian jokatu zen Igeldoko Harria sariketa. Urteroko moduan jendetza handia batu zen Trinitateko enparantzan saioa zuzenean jarraitzeko asmoarekin.
Aiako harri-jasotzailea zen garaipena erdiesteko faborito nagusia, eta atzokoan ez zuen aparteko arazorik izan lehen postua bereganatzeko; 15 aldiz berdindu zuen bost minututan Igeldoko harri berezia eta hiruko aldea kendu zien Eizmendiri eta Lertxundiri. Hamaseigarrena ere oso gertu izan zuen aiarrak, baina ia berdinduta zuenean amaitu zitzaion denbora.
Izeta II.aren atzetik parekotasuna izan zen nagusi, hiru berdinketa izan baitziren. Lertxundi eta Eizmendi, Telleria II.a eta Elosurkorta eta Izeta III.a eta Bertiz izan ziren parean amaitu zuten harri-jasotzaileak. Horrenbestez, horrelako kasuetarako arautegiak ezartzen duen bezala, pisurik arineneko kirolariak geratu ziren aurretik.
Aizkoran, Latasaren oroimenezko lehiaketa jokatu zen herenegun Sunbillan. Jende asko batu zen torneo hau ikustera. Guztira, sei bikote neurtu ziren. Hiru maila nagusian aritu ziren eta, beste hiru, berriz, gazteetan.
Bi mailetan sekulako emozioa izan zen. Helduetan Nazabal eta Etxeberria izan ziren garaile, baina atzetik oso gertu izan zituzten Mindegia eta Arrospide. Larretxea eta Olasagasti atzerago geratu ziren. Bost proba ezberdin egin behar izan zituzten kirolariek.
Gazteetan ere hiru bikote neurtu ziren, eta hauek ere proba ezberdinak egin behar izan zituzten. Gazteen artean ere emozioa oso handia izan zen, lehen bi bikoak parean izan baitziren. Amaieran, ordea, garaipena Atutxak eta Larretxeak lortu zuten. Bigarren lekuan Mugertza II.a eta Erasun sailkatu ziren. Hirugarren lekua Rekondo eta Saralegik osatutako bikote leitzarrarentzat izan zen.
Urruña
Iparraldeko Txapelketako bi txapel banatu ziren Urruñan. Lasto-jaurtiketan, Duhalde izan zen onena; 5,40 izan zen bere marka. Ingude-altxatzen, berriz, Iriartek erdietsi zuen garaipena 85 jasoaldi egin ostean.
Emakumezkoetan, Ana Berasategik irabazi du Arabako ingude lehiaketa. Gulovak, berriz, zakuena irabazi du.