PIRAGUISMOA Ur biziak
Ander Elosegi, gaurko C1 mailako finalerako bidean
Finalerdirako sailkatu zen bi txandatan laugarren izan eta eguneko bosgarren denbora onena egin ostean
Imanol SESMA | DONOSTIA
Beijingo Olinpiar Jokoetako ur bizietako C1 mailan gaur ospatuko diren finalerdietarako hamabi txarteletatik bat lortu zuen atzo Ander Elosegik (Euskal Herrian 09.00ak direnean jokatuko dira finalerdiak). Lehen kanporaketako bi txandetan maila ederra eman zuen atzo; bietan laugarren izan zen eta bosgarren denbora onena lortu zuen 172,47 segundorekin eta penalizaziorik jaso gabe. Michal Martikan eslovakiarra izan zen onena Santiagotarrak klubeko palistak baino 2,32 segundo gutxiago eginda.
Piraguista gipuzkoarra «oso gustura» agertu zen komunikabideen aurrean, baina lorturikoa «bere neurrian» jarri behar dela nabarmendu zuen: «Kontuan izan behar da faborito askok ia ziurtatuta izaten dutela finalerdietarako txartela eta lehen kanporaketan ez direla topera irteten». Txinara iristean esan zuena ere gogoratu zuen: «Hasieratik esan nuen etortzea oso ongi zegoela, baina behin etorrita ahalik eta emaitza onena lortzen saiatu behar nuela».
Finala ia jarraian jokatuko da
Shunyiko Piraguismo eta Arraunketa Parkeko finalerdian gauzak nahi bezala joanez gero, berehala izango du Ander Elosegik ur bizietako C1 mailako final olinpikoan lehiatu eta dominaren bat irabazteko aukera (Euskal Herrian 10.47ak direnean jokatuko da). Lehen bi txandetan egindako lana ikusita, itxaropentsu agertu zen gipuzkoarra: «Txanda oso azkarrak izan dira, oso erregularrak, eta horrek konfiantza handia ematen dit».
Hala eta guztiz ere, Santiagotarrak klubeko palistak badaki finalean sartzeko jaitsiera «oso ona» egin beharko duela, «ondoren bost onenen artean sartu eta dominen lehian izan ahal izateko». Bere buruari ez diola mugarik jarriko iragarri zuen Anderrek, eta finalera iritsiz gero «dena» ematen saiatuko dela.
Etengabeko hobekuntza
Elosegik 20 urte ditu eta bere lehen Olinpiar Jokoetan parte hartzea azkeneko bi urteotan izan duen hobekuntzaren emaitza da. Irundarra 2003. urtean hasi zen nazioartean lehiatzen eta 2007an Iguazun ospaturiko munduko txapelketan hamaikagarren postua lortu zuen. Aurten bertan, Polonian ospaturiko Europako txapelketan hamargarren postua lortu zuen nazioartean finkatuz.
Estatu espainiarrak Beijingeko piraguismoko slalomeko saiorako zuen postu bakarra, Jon Erguin eta Jordi Sangra olinpiko ohiak atzean utzita lortu zuen gipuzkoarrak. Hori dela eta, azken hilabeteotan prestakuntza berezia burutu ahal izan du Jokoetako kanalaren antzeko ezaugarriak dituen Seu d´Urgelleko kanalean.