Boliviaren etorkizuna boliviarren esku
Evo Moralesek arrisku handia hartu zuen erreferendum ezeztatzailea deitu zuenean. Mendebaldean inongo agintarik hartuko ez lukeen arrisku klasea: herriaren esku jarri zuen, erreferendum bidez, bai bere postua bai bere autoritatea kolokan jartzen duten eskualdeetako agintariena ere. Askok, baita bere aldekoek ere, arrisku hori bere gain ez hartzeko eskatu zioten. Baina Moralesen proiektuaren ardatza horixe da: Boliviaren etorkizuna boliviarren esku uztea. Esan bezala, arriskua hartu zuen, eta irabazi egin du. Boliviarren %80 inguruk parte hartu du erreferendumean eta horietatik %63k babestu du Moralesen gobernua. Nolanahi ere, kontrako aldean dauden oligarketatik batzuk beren postua berretsi dute, Moralesek lurralde horietan emaitza onak lortu dituen arren. Gainera, herritarrek kargugabetu dituztenen artean, Manfred Reyes Villa Cochabambako prefeta dago, oposizioaren buruetako bat eta lehendakaritzara aurkezteko hautagai posibleetako bat.
Erreferendumak mezu bikoitza utzi du. Alde batetik, herritarrek Moralesek bultzatu nahi duen deskolonizazio, demokratizazio eta askapen prozesua gogoz babesten dute. Beste alde batetik, herritarren parte garrantzitsu batek lurraldeen eta komunitateen autonomia aintzat hartzea eskatzen duela argi geratu da. Boliviaren historian nagusi izan den arrazagatiko segregazioarekin amaitu nahi du Moralesek, baina horretarako bertan bizi diren komunitate guztiak aitortu behar ditu. Besteak beste, aitorpen hori eskatzen duten indigenak Moralesen proiektuaren aliatu potentzialak direlako, hauek manipulatzen dituzten oligarkak ez bezala.
Etorkizunera begira, Moralesen posizioa indartuta atera da. Irabazi ondoren, lehenbizi oposizioa negoziatzera deitu du. Baina bere etsaiak boteretsuak dira, AEBen babesa dute eta buruan ez dute negoziazioa, era batean edo bestean estatu kolpea ematea baizik. Horren aurka MAS alderdiak orain arte erakutsitako azkartasuna eta erabakitasuna are eta gehiago biderkatu beharko ditu. Horretarako, herritarren babesa badute.