Isildu da Stax etxeko «soul man» nagusia
GARA | BILBO
Isaac Hayes musikari, ekoizle eta antzezlea etxean hilda aurkitu zuten herenegun, abuztuaren 10ean. Datorren astean, abuztuaren 20an, hirurogeita sei urte betetzekoa zen soul musikako izarra konorterik gabe aurkitu zuten senitartekoek, oraindik martxan zegoen korrika egiteko zinta baten ondoan etzana.
1942an Covingtonen (Tennessee, AEBak) jaiotako musikariak mundu mailako ospea lortu zuen 1971n, «Shaft» pelikularako egindako soinu bandagatik Oscar saria jaso ostean. Kontuan izan beharra dago garai haietan zurien eta beltzen arteko gatazka ikaragarriak zirela AEBetan (Martin Luther King 1968an hil zuten), eta Hayes izan zela Oscar sari bat eskuratu zuen lehen afroamerikarra, «beltza izatearen harrotasuna» kantatuz.
Menphiseko soinuaren jarraitzaile, «Stax» eztandan parte hartu zuen 60ko hamarkadan eta soul sinfonikoaren sortzailea izan zen «Hot Buttered Soul» bezalako lanekin. Hurrengo hamarkadan «Shaft» pelikulari esker «Blaxploitation» deituriko mugimenduaren aitzindari izan zen eta rap doinuekin saiakerak egin zituzten lehen musikarien artean ere koka dezakegu.
Bere kabuz ikasi zuen musika jotzen eta hastapenak Otis Redding eta Sam & Dave bezalako klasikoentzat kantuak idatzi eta konposatzen eman zituen, baita Stax Records zigilu ezagunean piano a eta saxofoia jotzen ere, 1967an bakarlari gisa debuta egin zuen arte. Bere kanturik ezagunenen artean «Soul Man» eta «Hold On I´m Comin´» daude, 60ko hamarkadan David Porterrekin batera sortutakoak.
Zinema munduan, musikari legez ez ezik antzezle gisa ere aritu zen makina bat filmetan. Besteak beste, «It Could Happen to You», «Ninth Street» eta «Reindeer Games» pelikuletan; Nicolas Cage, Martin Sheen eta Ben Affleck antzezle sonatuekin batera. Horrez gain, «South Park» marrazki bizidun zoroetako chefari ahotsa jarri zion, horra hor bitxikeria.
Arestian aipatutako Oscar sariaz gain, Isaac Hayesek bi Grammy sari ere eskuratu zituen bere ibilbide artistiko oparoan («Shaft» lanagatik bata eta «Black Moses» diskoagatik bestea). Musikari dagokionez, milurteko hasieran plazaratu zuen azken bilduma, «Ultimate Collection». Zineman, 2005eko «Husstle & flow» du azken lana. Hirurogeita bost urteko artistak hamabi seme-alaba, hamalau iloba eta hiru birbiloba zituen. Euskal Herrian, Donostiako Kursaal aretoan jo zuen zuzenean 2007ko uztailaren 26an, iazko Jazzaldian.