GARA > Idatzia > > Kultura

Datorren ostiralean ospatuko da Orreagako gatazkaren 1230. urtemuga

GARA | BILBO

Datorren ostirala dugu, abuztuak 15, Orreagako gatazkaren 1230. urtemuga ospatzeko aukeratutako data. Duela bost urte hasi ziren 778an Carolus Handiaren gudarostearen aurka jasotako gatazkaren urteurrena ospatzen. Gatazka horretan hil zen Erroldan gudaroste burua, Carolus Handiaren iloba, eta gertaera kontatzen duen «Errolanen Kantorea» ospetsuaren irakurketa publiko batez omenduko dute aurtengoan data seinalatua.

Irakurketa Orreagako kolegiatako klaustroan burutuko da, goizeko hamaiketan hasita, zortzi hamar minutuko txandetan. Aurretik, Jean Vilar historialari frantziarrak gertaeraren irakurketa historikoa emango du. Ordu biak aldera, gainera, bazkaldu eta atsedenaldia burutuko dute, arratsaldeko lauetatik aurrera berriro irakurketari ekin aurretik.

Jardunaldiaren helburua Orreagako gatazkari buruz ezagutzen diren irakurketa, iturri literario eta testu ezberdinak biltzea da. Horretarako, gazteleraz, euskaraz, nafar erdaraz, frantsesez eta italiarrez idatzitako testuak erabili eta irakurriko dituzte.

Irakurketa publikoan parte hartuko dutenen artean, besteak beste, dagoeneko izena emana dute Javier Diaz Huder idazleak, Fernando Redon arkitektoak eta Daniel Vidaurreta mendigoizale eta idazleak.

«Errolanen Kantorea»

«La Chanson de Roland» XI. mendearen bukaera aldera idatzitako poema epikoa da, 291 ahapaldi eta 4.002 lerro dekasilabiko dituena. Europan hizkuntza erromantzez idatzitako gesta-kanta zaharrena da eta antzinako frantsesez idatzita dago. Bertso sortaren jatorria eta egilea ez daude argi, baina Turoldo monje normandiarrak idatziak direla uste da, Kristo ondorengo 1170 urte inguruan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo