Maite Ubiria Kazetaria
Bandera beltza
Donostiako badiak benetako itxuraldaketa egin du. Oraingoan, bere edertasunaz liluratzeko baino irribarrea pizteko jokaleku bilakatu da. Donostiako piratek begiespen soilaren ariketa trabatu dute. Jada ez du balio soilik itsasoan bista galtzea, ezta «oh là là» adieraztea ere. Dagoeneko postala bizirik da, egun batez argazki kamerak bestelako paisaia harrapa dezan parada emanez.
San Sebastian, betiko Donostiya, betirako Donostia... Bukatu da lasaitasuna eta uda giro aurrez ekoiztuta. Fini da patxadazko begirada, adio zirrararik gabeko ikusmirari.
Ezinezko txalupak, bainujantziak eta bandera beltzak nonahi. Akabo itsas ibilbide arruntak, beharrezko dotorezia eta ikur arrotzak. Oraingoan, hiriak bizitasuna hartu du, egun batez mozorroa kenduta, benetako bihotza azaleratu zaiolarik. Guziok maite dugun Donostia kolore askotariko hiria baita, hamaika abordatzeren aurrean bere indarra askatasunez erakutsi duena, trabak gaindituz, inposaturiko mugak hautsiz.
Bandera beltza jaiaren ikur bilakatu da, harago joateko gonbita luzatuz, hiria guzion eremua baita. Gazte donostiarrek basamortu itxura zuen Aste Nagusiari buelta eman diote, barruan zuen onenetarikoa, hots, hiritarren bultzada, lehen lerroan jartzeko asmoz. Badiak zabaltasuna hartu du, festazale belaunaldi gazteagoari tokia eginez. Itsasoak hiriari arnasa ematen dion bezala, zaharkituriko ohiturak ufatzeko haize berria dakarte itsas lapurrek. Urte luzez bahiturik izan den festa ofiziala umore onez askatzea dute helburu.
Hastapenean soilik ausart batzuk onartu zuten erronka, aurten ehunka gaztez osaturiko tropela lehorreratu da Kontxan, batzuen harridura eta besteen irri konplizeak eraginez. Piratek harrapatu dute festa eta aurrerantzean tentuz jokatu behar da, ez baitute altxorra galtzen uzteko asmorik.
Alta, herritarren parte-hartzea zabaltzeko lana ezin da festa egutegira mugatu, gure herriak egunero eta arlo guztietan bere asmoak adierazteko aukera bereganatu behar du. Egunerokotasunean jokatzekoa da partida. Merkatu politikoan diren berri itxurako egitasmo zaharrak biluztuz, aldi oro aukera egiteko eskubidea bultzatu behar da. Finean, demokrazia parte-hartzailearen bandera herritarren eskuetan jarriz.