GARA > Idatzia > Kirolak > Beijin 2008

«Helburua... nahiago dut posturik ez aipatu, ez baitago soilik nire esku»

pj02_f01.jpg

Maialen CHORRAUT PIRAGUISTA

Orain dela 25 urte Lasarten jaioa, Maialen Chorraut gipuzkoarrak gaur goizaldean egingo du debuta Olinpiar Jokoetan. Espainiako txapeldun zazpi aldiz izan ostean, 2001. urtetik aurrera nazioarteko lehiaketetan dabil buru-belarri. Iaz Munduko Txapelketan 14. amaitu zuen arraunlaria prest dago bere kirol ibilbideko hitzordu nagusiari aurre egiteko. Animo!

Egun batzuk badira jada Maialen Chorraut eta bere taldekideak Beijing aldera joan zirenetik. Honatx bidaiari ekin aurretik kirolari lasartearrarekin izandako solasalditxo alaia.

Uste baino errazagoa izan al zen Jokoetarako sailkapena lortzea?

Urte batzuk daramatzat lehiaketetan zailtasun handiak izaten; badirudi oso ongi prestatzen nintzela, baina lehiaketa eguna heldu eta akats larriren batek, edo epaileen erabakiren batek dena bidaltzen zuen trastera. Aurten, ordea, oso gustura aritu naiz piraguan ibiltzen, oso seguru; nabigazioan segurtasuna lantzen, oso norgehiagoka onak izan ditut. Horregatik orain oso pozik nago. Akats txikiren bat ere izan nuen, baina hori normala da. Slalom modalitatean zure esku ez dauden aldagai asko daude eta ur bizietan izateak kirol konplikatua egiten du.

Nolakoa da zure egun arrunt bat daramazun kirolari bizimoduan?

Egia esan ia urte osoa gaude kontzentratuta. Eta kontzentrazioan gaudenean beti da antzekoa. 07.30ean edo esnatzen gara, eta 08.00 aldera gosaltzera joaten gara. Motxila prestatu, kanalera edo ibaira joan, beroketak ondo egin, ikusi zer entrenamendu egin behar dugun, saioa bete, luzaketak eta egin, hotelera joan, bazkaldu, lo kuluxka txiki bat, eta arratsaldean berriro ere entrenatzera.

Zure lehen Jokoak dira. Egon den norbaitekin hitz egin al duzu?

Bai. Taldean jende asko dago Jokoetan egondakoa. Jon Erguin, Jordi Sangra, eta Xabi Etxaniz entrenatzailea ere Olinpiadetan egondakoa da, Bartzelonan eta Atlantan. Gure giroan olinpiko asko dago eta beti ikusten ditugu argazkiak, bideoak eta halakoak. Olinpiadak beste lehiaketen oso antzerakoak dira, baina honek daukan itzal mediatikoa askoz handiagoa da.

Zein da piraguismoaren egoera?

Egia esateko, Euskal Herrian egoera oso zaila da. Gipuzkoan, adibidez, ez dago entrenatzeko leku egokirik. Norbaitek benetan hobetu nahi baldin badu, eta kirol honekin aurrera jarraitu nahi baldin badu, kanpora joan behar du. Eta hori oso egoera zaila da. Pertsona bat 17 urterekin etxetik ateratzea oso erabaki arriskutsua izan daiteke; bere familiatik, lagunengandik eta ikasketetatik aldentzea ez da erabaki erraza. Eta kanalen bat ez baldin badute egiten oso etorkizun zaila dauka piraguismoak Euskal Herrian.

Euskal Herrian kanal bat egitea beharrekoa da zure ustez.

Bai. Arazo guztiaren funtsa da leku bat falta dugula entrenatzeko, kanal bat. Gaur egun dauden bitarteko eta teknologiekin ia edozein lekutan egin daiteke kanal artifizial bat, ez dugu behar munduko kanalik onena, ezta aurreratuena ere. Kanal sinple batekin nahikoa daukagu.

Zuek noraino joaten zarete entrenatzera?

Atletico-koek eta Santiagotarrak-ekoek Bidasoan entrenatzen dute. Baina Bidasoa ibaiak ez dauka slalom modalitatearekin zerikusirik; horrek balio du oinarri bat hartzeko eta gauza errazak lantzeko, baina ez profesional moduan entrenatzeko. Hemendik hurbilen guk Ortheze-n dugu kanal txiki bat. Donostian ez gaudenean guk Seu d´Urgell-en entrenatzen dugu. Gainera arazoa instituzioetatik dator. Beti sortzen da proiektu bat, baina gero beti jartzen dituzte trabak.

Zer helburu duzu Beijingen?

Emaitza on bat lortzeko beharrezkoa da jaitsiera ona egitea. Nahiagoa dut posturik ez esan. Hori ez dago soilik nire esku.

Koldo AKORDARREMENTERIA

«Oso burugogorra naiz, onerako eta txarrerako»

Kirol arloan duzun amets nagusia.

Euskal Herrian kanal bat izatea eta Jokoetan domina bat lortzea.

Amets pertsonal bat.

Dena ondo joatea orokorrean, osasuntsu eta pozik bizi nahi dut.

Zenbat ordu entrenatzen duzu egunean?

Ia egun osoa ematen dut entrenamenduari begira, dedikazio oso eskatzen du.

Kirolean unerik onena.

Itsasora paseatzen ateratzen naizen egun asko.

Kirolean unerik txarrena.

Lesioak izan ditudanean, bigarren operazioa egin zidatenean.

Kirolari profesionala izan ez bazina... zer?

Sukaldaria.

Bertute bat.

Burugogorra izatea.

Akatsen bat.

Burugogorkeria ere bai.

Maniaren bat.

Eskuak uretan bustitzen ditut beti piraguan sartu aurretik.

Irla batera eramateko hiru gauza.

Janaria, maite ditudan pertsonak eta piragua bat.

Piraguaren ostean, zein da zure kirolik gustukoena?

Kirol gehienetan aritzen naiz, saskibaloia izan ezik.

K. AKORDARREMENTERIA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo