Mikel Luloaga Bai Euskal Herriari ekimeneko eleduna
Zezenari adarretatik heltzeko garaia
Zezenari adarretatik heltzeko garaia da, Euskal Herriko historia laburrean berebiziko garrantzia eta ardura politikoa izan dute alkateek. Alkateen mugimendutik hasi, intsumisioaren borrokan alkateen desobedientzia jarrerarekin jarraitu, eta Udalbiltzaren sorrera datozkit burura
Hogeitamar urteren ondoren historia errepikatzen da. Euskal nortasunaren aurkako ehiza indar osoz bizi dugu Euskal Herriko etxe, kale eta instituzioetan. Gaur oraindik, bortxakeriaren amaiera herritarrei galdeginaz etorriko dela entzuteak, hotzikara sortzen dit. Jada helduak gara, jaun-andere politikariok! Ez gaitzazue umetzat hartu, otoi!
Atarrabian herritarrek hartu zuten erabakia bortxatu dute, aurrez Durangon, Donostian nahiz Bilbon, herritarren borondatea bortxatuz atzerriko inposizioaren ikurrak ageri dira udaletan. Euskal Herria, Espainiako eta Frantziako agintearen menpeko lurraldea dela irudikatu nahi dute horrela.
Adibidez, 1977ko urtarrilean, ikurrinak Euskal Herrian barna tentsio altuko kableetatik eta eliza tontorretatik kalera jauzi egin zuen. Ordu gutxiren buruan instituzioetan ikus zitekeen, udaletan, diputazioetan... Askatasun egarriaren ikur zen ikurrinaz blai eginda geratu zen euskal jendartea.
Orain, «Divide y venceras» ziotenen irakaspenei jarraiki, Foru Hobekuntzaren errailetatik sortu zuten Ikurren legea. Lege honi esker Nafarroa Garaiko instituzioetatik kaleratu zuten ikurrina. Bien bitartean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan garrantzia galtzen joan da ikurrina, bere presentziak, instituzioetan eta udaletan ezinbesteko izateari utzi zion urte gutxiren buruan, nahiz eta hainbat herritan oraindik gartsu heltzen dioten euskal ikurrari. EAEko administrazioaren baitako ikur gisa onartua denez ez du zalapartarik sortzen. Ikurren inguruko gatazka ekiditeko asmoz, eraikin ofizialetatik ikurrina desagertzeak, EAEn ikurrina balore politikoz hustea ekarri du. Azkenik, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan ikurrina frantses folklorearen elementu gisa kokatu nahian dabil administrazio jakobinoa. Kokagune ofizialetatik urrun, egitasmo kulturalen erdigunean jarri dute ikurrina. Tokiko bereizgarri komertzial baten moduan, auto saltokietako dekorazio elementu izateraino iritsi da ikurrina.
Esan bezala, Lizartzatik Durangora eta Durangotik Atarrabiarako bidean topa ditzakegu estrategia honen aztarnak. Lizartza espainiartasunaren sinbolo bilakatu nahi dutenen aurrean, euskal nortasunaren erresistentzia eremu bilakatu delakoan nago. Baina euskal herritarren borondate eta erabakiek ez dute tokirik espainiar legearen erresuman. Ez baitago euskal herritarrik, espainiar eta frantsesak soilik!
Durangon berriz, 2006tik uko egin zioten ikurrina zintzilikatzeari. Bakearen izenean gure nortasunari uko egin ziotenek, orain bakearen izenean espainiar bandera zintzilikatu dute Udaletxean. Agindu judiziala ez betetzeak lekarkeen ondorioa onartzeko prest ez, baina gure nortasunari egindako saldukeriak herritarrengan sor lezakeen haserrea onartzeko prest agertzen dira. Legea lege baita eta legea errespetatu egin behar da nahiz eta legeak gu ez errespetatu. Antzerako adierazpenak entzuteak barruak erretzen dizkio nortasun eta duintasun pixka bat daukan orori.
Atarrabian, herriak hala erabakita, 26 urtez izan zen ikurrina Udaleko balkoian. Espainiar agintearen Nafarroako ordezkariek kendu zuten arte. Urrats hau eman ahal izateko Ikurren Legea deiturikoa sortu zuten. Duela urtebete inguru Udalak ikurrina udal eraikinaren alboan (kalean) jartzea ahalbideratu zuen. Gaur egun ere ikusgai dira, Atarrabiako ikurra, euskal erreinu zaharraren kateak dituen ikurra eta, nola ez, espainiar bandera. Jada ikurrinaren ordez agindu judizialak dira ikusgai.
Eta orain zer? Jada ez dago joko eta malabar politikoetarako lekurik, amaitu dira argazki politak, eta xake estrategian oinarrituriko mugimenduek ez dute etorkizunik. Maiz entzun dugu egungo marko politiko-juridiko-administratiboak ez diola Euskal Herriari bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea ahalbideratzen. Baina azken urtebetean euskal nortasun ikurren aferan espainiar Gobernutik harturiko erabakiak aztertuz, garbi esan dezakegu gaur egungo markoak ez diola Euskal Herriari eta euskal nortasunari arnasarik ere hartzen utzi nahi.
Hau esatean, ez dut esaten bandera espainiarra Hego Euskal Herriko udal guztietan jarri arte ez dutela atsedenik hartuko; jada euskal nazioaren defendatzaile izan beharko luketen hainbat, atzerriko legearen defendatzaile bihurtu direla baizik. Adibidez, Euskal Herriko Kirol Federazioak antolaturiko ur jokoen nazioarteko lehian, euskal ordezkaritzaren baitan, Nafarroa Garaiko eta Ipar Euskal Herriko herritarrek parte hartzerik ez izatearen ardura ez da espainiar Gobernuarena. Gasteizko Jaurlaritzarena baizik.
Zezenari adarretatik heltzeko garaia da, Euskal Herriko historia laburrean berebiziko garrantzia eta ardura politikoa izan dute alkateek. Alkateen mugimendutik hasi, intsumisioaren borrokan alkateen desobedientzia jarrerarekin jarraitu, eta Udalbiltzaren sorrera datozkit burura. Momentu garrantzitsuenetan, Euskal Herriko alkateen determinazio eta konpromisoak mugarri izan dira gure jendartearen egunerokoan. Nire uste apalean iritsi da Euskal Herri osoan gure nortasun ikurren inguruan indarrak biltzeko ordua eta egoerak eskatzen dituen tamainako konpromisoak hartu behar ditugu.
Egun ikurrinak euskal instituzioetan egon behar du, gainerako euskal ikurrekin batera. Ezin dugu onartu gure etorkizuna bahitua duten aginte atzerritarrek gure nortasun ikurrak ere bahitzea. Gaur Euskal Herria osatzen dugun gizon eta emakumeok gure nortasun ikurrak galtzen baditugu, bihar gure ikurrek beren nortasuna galdua izango dute. Horrexegatik berriz ere diogu: Nazio bat gara, geurea ikurrina!