Lizarra-Garaziko edukiak berrartzeko deia egin du Maltzagako Mahaiak
Euskal Herriaren burujabetzaren bidean aro politiko berri bati bidea eman zion Lizarra-Garaziko akordioa sinatu zela hamar urte beteko dira datorren irailaren 12an. Hitzarmena bultzatu zuten arrazoiek eta beharrek lehengo berean jarraitzen dutela ondorioztatuz, Maltzagako Mahaiak Lizarra-Garaziko edukiak berrartzeko deia egin du. Baita, orain hamar urteko akordioan parte hartu zuten indar politikoei gonbita egin ere: 10. urteurrena elkarrekin ospatzeko deia.
GARA |
Datorren irailaren 12an beteko da Euskal Herriko hogeita sei eragile politikok, sindikalek eta sozialek «Lizarra-Garaziko Akordioa» gisa ezaguna den hitzarmena sinatu zuteneko hamargarren urteurrena. Akordio hura bultzatu zuten «arrazoiek eta beharrek» bere horretan dirautela kontuan hartuz, eta, egun, «Euskal Herriaren naziotasuna onartzen dugun guztion arteko itun estrategikoa hil ala biziko arrazoia bihurtu dela» ondorioztatuz, Maltzagako Mahaiak hurrengo hileko hitzordua elkarrekin ospatzeko deia egin die eragileei.
1998ko irailaren 12an sinatu zuten Lizarra-Garaziko akordioa. Hogeita sei eragile politikok, sindikalek eta sozialek adosturiko hitzarmenak, Euskal Herriak autodeterminazioaren bidean izan duen garai politikorik indartsuenetakoari eman zion bidea. ETA erakunde armatuak, gainera, su-etena aldarrikatu zuen ondotik. Maltzagako Mahaiak gogorarazi duen bezala, «haize gozo eta berriak aldaketa ugari ekarri zituen».
Hitzarmen demokratikoa
Orain hamar urteko prozesu politikoan parte hartu zuten joera politikoetako ordezkariek osatzen dute Maltzagako Ekimena, eta hortik sortu zen joan den apirilean Maltzagako Mahaia.
«Lehenengo aldiz, Euskal Herri osoko talde eta pertsonak batera mugitzen hasi ziren, eta lehenengo aldiz lurralde eta herrialde guztietako herrikideok proiektu baten eraikuntzan batera eta elkarrekin parte hartzeko aukera zutela sentitu zuten», nabarmentzen du Maltzagako Mahaiak, hamargarren urteurrenaren karietara argitara eman duen prentsa oharrean.
Orduko testuinguruari erreparatuz, Lizarra-Garaziko akordioa «zeharkatzailea bezain demokratikoa» zela ekarri du gogora, egun «transbertsalitatearen» aurrebaldintza onartzea ezinbestekoa dela defendatzen duten alderdi politikoei zuzenduz. «Akordio zeharkatzailea beharrezkoa da, baina aniztasuna onartu nahi ez duten indarrek ezin izango dute egon. Hitzarmen demokratikorik ez dute nahi, euskal herritartasuna eta euskal nazioa ukatzen baitituzte», gaineratu du Maltzagako Mahaiak, batik bat, PP eta PSOE alderdi espainolei so eginez.
«Lizarra-Garazik lortu zuena berreskuratu behar dugulako, Euskal Nazioa onartzen dugunon arteko hitzarmen zeharkatzailea beharrezkoa delako eta duela hamar urte esan zen bezala, hitza herriari eman behar diogulako», Maltzagako Mahaiak datorren irailaren 12an ospakizun bateratua egiteko gonbita egin die euskal eragileei. «Lizarra eta Garazin egon ziren indar guztiek urteurrena elkarrekin ospa dezagun ahalegina egingo dugu», gaineratu du Maltzagako Mahaiak.
Ospakizun hori, gainera, atzera begira baino, «geroari so dagoen proposamena» bilakatu nahi du Maltzagako Mahaiak, bere esanetan orain hamar urte adosturiko akordio politikoaren edukiak «bizi-bizirik» daudelako uste sendoa baitute.
Datorren irailaren 12an ospatuko da Lizarra-Garaziko akordioaren 10. urteurrena. Itun horretan egon ziren indar guztiei, urtemuga elkarrekin ospatzeko deia egin die Maltzagako Mahaiak.
«Lizarra-Garaziko akordioak» utzi zuen zoru politikotik abiatuz sortu zen 2007an Maltzagako Ekimena.
Maltzagako Mahaia, berriz, igaro apirilaren 11n aurkeztu zuten. Ondokoek osatzen dute: Euskal diasporako Santiago Bereziartuak, Mikel Ezkerrok eta Txomin Ormaetxeak. Ipar Euskal Herriko Andde Sainte-Mariek, Haritza Camblongek, Mertxe Colinak eta Laida Agerretxek. Eta Hego Euskal Herriko Iñaki Aldekoak, Begoña Erraztik, Ainhoa Larrañagak, Victoria Mendozak, Xabier Sarasuak, Txema Ramirez de la Piscinak eta Jose Mari Esparzak.