GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Ehun urtez baino gehiago begira egoteaz aspertuta, Aste Nagusia bere egin dute donostiarrek

Ia 40 urtetik hona begira egoteaz aspertuta, hainbat eta hainbat saiakera egin dira Donostian herri jaiak lortzeko. Azken sei urteotan, milaka lagunek bere-berea sentitzen duten jaia ospatzen dute: Aste Nagusi Pirata.

p018_f01_250x144.jpg

Janire ARRONDO

Aurten 132 urte dira Donostian abuztuan jaiak ospatzen hasi zirenetik. Hala ere, hasiera hartan zituen ezaugarriek oraindik ereberetsu izaten jarraitzen dute. Lehen, jaiak Donostiako agintariek antolatzen zituzten, eta orain ere bai. Zezenketak, kontzertuak eta, 1963. urtetik aurrera egiten den Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketa izan dira hamarkadaz hamarkada Donostiako jaien egitarauko zutabeak.

Donostiako bazterrak betidanik izan dira erakargarri bisitarientzat. Baina XIX. mendean izan ziren Gerra Karlistek kalte handiak eragin zituzten hirian. Bertara uda pasatzera etortzen zirenentzat zerbitzu eta azpiegitura asko ere suntsitu ziren. Horrela, bisitari horiek Donostiara ekartzen zuten aberastasuna berreskuratzeko, hiria lehengoratzeko ekimenak jarri zituzten martxan. Esaterako, gerran San Martingo zezen plaza erre zutenez, Atotxan berria egin eta bertan hasi ziren egiten zezenketak eta beste hainbat ikuskizun; arrakasta izan zuen. 1876ko abuztu hartan egindako ospakizun haien ondorengo da egungo Aste Nagusia.

Ordutik hona, azken mendean, errege, erregeorde, diktadore eta beste hainbat aristokraten opor leku izan da Donostia. Gainera, Guda Zibilaren urteetan ere ez zuen hutsik egin aberatsen gozagarri zen Aste Nagusiak. Bien bitartean, bertako hostalari eta merkatariek lanean jardun behar izaten zuten, bisitariak aseko bazituzten.

Herri jaien hasiera

Abuztuko jaiek aldaketa izan zuten 1960ko eta 1970eko hamarkada inguruan. Jada, aristokrazian ez ezik, gainontzeko turistengan ere pentsatuz prestatzen zituzten jaiak. Hainbat auzoetako festa batzordeetako kideek salatzen dutenez «Turismo Ekintzetxeak, beraiei komeni zaienaren arabera, antolatutako jaiak dira horiek».

Donostiarrak ordea, ez zeuden begira egoteko. Beren herriko jaietan parte hartu nahi zutelako, Antiguan hasi ziren hainbat gazte egitarau nagusitik kanpo jaiak antolatzen. Miramar jauregian egiten zuten beren jaia eta hamabost urtez eutsi zioten ohitura horri.

Handik urte batzuetara berriz, 1980ko hamarraldiaren hasiera aldera, herri jaiak lortzeko asmoarekin, kaian txosnagunea jarri zuten. Jai parte-hartzaileen aldeko ekimen hori ordea, 1988an amaitu zen, Udalak ezarri zuen debekuarekin.

Donostiako alkate Xabier Albistur izan zen 1987az geroztik; EAJ alderditik bereiztu eta Eusko Alkartasuneko kidea zen bera. Kaian txosnak jartzea debekatu zuen, baina, jai batzordeak ez zuen begi onez ikusi hori, eta txosnak jarri egin zituzten. Alkateak ordea, horri erantzunez, Udaltzaingoa eta Polizia espainola bidali zituen bere agindua bete zezaten. Hurrengo urteetan, saiakera gehiago egin ziren arren, jazarpenak ez zuen etenik izan. 1993 inguruan ere, herri jaiak egitearren koadrilak sortu ziren, baina ekimen hori ez zen sustraitu.

Piratak abordatzera!

Donostiako Udalak, bere egitarau ofizialetik kanpo geratzen diren herri jaiak gogoko ez baditu ere, badirudi oraingo honetan apustua galdua duela. Hainbat urtez herri ekimeneko jairik ospatu gabe egon ondoren, ematen du lehorte horri buelta eman diotela donostiarrek.

2002. urtean Alde Zaharreko tabernariak, Udalak antolatzen duen egitarautik at, beren ekintzak prestatzen hasi ziren. Hurrengo pausoa, dinamika horretara Gazte Asanbladak biltzea izan zen, horrela «jaiak eta errebindikazioek bat egin zuten». Jaiek irauten zuten artean «sistematik at» sentitzen zirelako, eta Donostia itsasertzeko hiri izanda, piratekin alderatu zuten beren burua. Hala sortu zen Donostiako Piratak ekimena. Duela sei urtetik gogoz ari dira lanean «herri jai eta parte-hartzaileak lortzeko». Hala ere, esaten dutenez, «pirata izateari utziko diogu, egitarau ofizialean parte hartzeko eta erabakiak hartzeko eskubidea dugunean».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo