GARA > Idatzia > > Kultura

Estatu espainolaren ordezkaritza osatu du Donostiako Zinemaldiak

«Amateurs», «Chicos normales», «El truco del manco» eta «Cosas insignificantes» filmek Zabaltegi-Zuzendari Berriak sailean parte hartuko dute, eta Sail Ofizialerako hautatu dituzten «Camino», «El patio de mi carcel» eta «Tiro en la cabeza» lanekin batera, Estatu espainolean ekoitzitako zinemaren ordezkaririk behinenak izango dira Zinemaldiaren aurtengo edizioan.

p034_f01_152X96.jpg

GARA | DONOSTIA

Arduradunek Sail Ofizialean lehiatuko diren filmen berri eman zutenez geroztik, ezaguna zen Javier Fesser-en «Camino», Belen Maciasen «El patio de mi carcel» eta Jaime Rosalesen «Tiro en la cabeza» izango zirela Estatu espainoleko zinemaren ordezkari nagusiak Zinemaldiaren aurtengo edizioan. Alabaina, ordezkaritza nagusi hori osatuko da, arduradunek atzo jakinarazi zutenez, Zabaltegi-Zuzendari Berriak sailean parte hartuko duten Gabriel Velazquezen «Amateurs», Daniel Hernandezen «Chicos normales», Santiago Zannouren «El truco del manco» eta Andrea Martinezen «Cosas insignificantes» lanekin. Zabaltegi-Bereziak sailean, berriz, Juan Vicente Cordobaren «Flores de luna» erakutsiko dute.

«Amateurs» Gabriel Velazquezen bigarren film luzea da. Aurrenekoa Chema de la Peñarekin batera zuzendu zuen «Sud Express» izan zen, 2005ean Sail Ofizialean lehiatu zen film hura. «Amateurs» filmean, bakarrik geratu den Blanca hamasei urteko neska baten eta erretiroa espero baino lehen hartu behar izan duen gizaseme baten bizitzak txirikordatzen dira.

«Chicos normales», berriz, Daniel Hernandezek zuzendutako lehen film luzea da. Benetako esperientzietan oinarrituta dago. Jama Mezwak Tetuango auzo marjinaleko hiru gazteren etxeetan eta bizitzetan sartzen da filma. Bertan jaioak ziren 2004ko martxoaren 11n Madrilen izandako atentatuan parte hartu zutenetako bost.

«El truco del manco» Santiago Zannouren lehen film luzea da. Enrique Heredia «El Cuajo»ren istorioa kontatzen du. Ijito ez izan arren, ijito itxurako gizon saiatua da bera. Gorputz erdia garun perlesiaren ondorioz kaltetua du eta zailtasunak ditu ibiltzeko. Juan Manuel Montillak, La Excepcion hip hop taldeko liderrak, interpretatzen du.

Andrea Martinezen «Cosas insignificantes» Esmeraldaren istorioa da. Gauzak bildu eta ohepean gordetzen ditu, kutxa batean. Gauza bakoitzaren atzean istorio jakin bat dago.

«Flores de luna» Juan Vicente Cordobak zuzendutako dokumentala da. Madrilgo Pozo del Tio Raimundo auzoak berrogeita hamar urtetan zehar izandako bilakaera kontatzen du.

Arestian iragarri bezala, Sail Ofizialean lehiatuko diren Estatu espainoleko filmak «Camino», «El patio de mi carcel» eta «Tiro en la cabeza» izango dira.

«Camino» lanean, Javier Fesserek («El milagro de P. Tinto», «Mortadelo y Filemon») erregistroa aldatu eta familiako drama bat jorratu du. Belen Maciasen «El patio de mi carcel», berriz, preso dauden emakume batzuen istorioa da. Halabeharrari aurre egiteko antzerki talde bat osatuko dute. Jaime Rosalesen «Tiro en la cabeza» lanak ETAren atentatu bat du leit motiva. Donostian eta Landetan errodatutakoa da eta Ion Arretxe du protagonista. Aurreko filmean bezala («La soledad»), Rosalesek zinema adierazpide berriak aztertzen jarraitzen du.

«Made in Spain» film gehiago

Aipatutako filmek Estatu espainolaren ordezkaritza nagusia osatuko dute, baina beste batzuk ere egongo dira Zinemaldian. Horra, esaterako, Sail Ofizialean lehiatuko den Daniel Burmanen «El nido vacio» (Argentina-Estatu espainola-Estatu frantsesa) edota Zabaltegi-Perlak inauguratuko duen Woody Allenen «Vicky Cristina Barcelona» (Estatu espainola-AEB).

Gainera, ohi bezala, Made in Spain atalean azken urteko film adierazgarrienak proiektatuko ditu Zinemaldiak.

«La casa del padre», Euskal Zinemaren Egunean

Gorka Merchan zuzendari donostiarrak «La casa del padre», bere lehen film luzea, Zinemaldiko Euskal Zinemaren Egunean estreinatuko du.

Carmelo Gomez, Juan Jose Ballesta, Veronica Etxegi, Alex Angulo eta Emma Suarez dira aktorerik garrantzitsuenak.

Istorioa abiatzen da Txomin Garai, gaztetan pilotari fina izandakoa eta aspaldi Argentinara joan eta han enpresaburu bihurtu zena, jaioterrira itzultzen denean. Koldo anaia ikustera itzuli da Txomin. Egia esan, anaiek aspaldi ez diote elkarri hitz egiten. Koldo hilzorian da, ordea, eta kinka hartan lan zaila jarriko dio anaiari: Gaizka bere seme nerabea (Juanjo Ballesta) arrastoan sartzea. Etorkizun handiko pilotaria da Gaizka, baina horretarako bere burua zentzatu beharra dauka.

«La casa de mi padre» ez da Euskal Zinemaren Egunean estreinatuko den film bakarra. Izan ere, beste bi film ere estreinatuko omen dituzte egun horretan. Zehatz-mehatz zein diren laster iragarriko dute arduradunek.

GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo