Zarauzko Bandera
Castrok errenta ederra lortu du eta Urdaibai izango du aurkari zuzena
Kantabriarrek zazpi segundo sartu zizkieten bizkaitarrei eta hogeitik gora San Pedro eta Oriori. Pedreña ohorezko txandan arituko da.
Ander GARTZIA | ZARAUTZ
«La Marinera» ontziak garbi erakutsi zuen Zarauzko Banderako lehen jardunaldian, aurreko igandean Espainiako Txapelketan jasandako porrota «istripu» txiki bat izan zela. Kantabriarrak amorruz atera ziren zaletuen aurrean egindako hutsa zuzentzeko eta errenta aparta lortu zuten historian bigarrenez bandera etxera eramateko: 7 segundo Urdaibairi, 18 Pedreñari, 23 San Pedrori eta 24 Oriori.
Juan Mari Etxaberen gizonak estropada txikitzera atera ziren aurreneko «txanpatik», banderaren hautagaien zerrenda ahalik eta gehien murrizteko helburuarekin, eta atzoko denborak ikusita, Bermeoko trainerua izango da kantabriarren aurkari nagusi eta ia bakarra. «Bou Bizkaia» ontziak atzetik aurrera burutu zuen proba eta aurreneko bi luzeak oriotarren atzetik aritu zen arren, aukera askorekin iritsi da bigarren jardunaldira. Gainera, bizkaitarrek badakite Zarauzko Banderan kontrako errenta altxatzea zer den; iaz ere larunbateko proban oriotarren atzetik izan ziren baina hurrengo egunean garaipen orokorra erdietsi zuten.
Bigarren jardunaldian aukera gutxirekin hasiko dena Orio da. Gipuzkoarrak aurrean aritu ziren lehen bi luzeetan baina lan erdiak bete ostean indar gabe geratu ziren, eta 24 segundo gehiago behar izan zituzten helmugan. Orio bigarren txandan arituko da, Pedreña eta San Pedro aurretik sailkatu baitziren.
Sestaoko ontziak denboraldiko hamaikagarren garaipena eskuratu zuen Camargoko uretan egindako KAE ligako lehen Taldeari dagokion estropadan. «Bizkaitarra» traineruak aurreneko luzetik ihes egitea lortu zuen eta ostiralean Castron lortutako banderarekin beste garaipen asteburu bat osatu zuen. Sailkapen nagusiko bigarren postuari dagokionez, etxeko ontziak aurrea hartu zion Isuntzari eta bi estropadaren faltan lau puntuko errenta dute lekeitiarrek kantabriarrekiko.