GARA > Idatzia > > Ekonomia

Elorza: «Kutxen bat-egitean beraietako bat kanpoan uztea zentzugabekeria litzateke»

Odon Elorzaren ustez, kutxen bat-egite prozesuan beraietako bat kanpoan uztea «zentzugabekeria» litzateke. Hala, argi utzi du Kutxak eta BBKk ez dutela Vital albo batera utzita bat-egiteko asmorik. Gainera, bat-egitea «modu orekatuan» egin beharko litzatekeela esan du.

GARA |

Donostiako alkate Odon Elorzak argi utzi zuen atzo BBK eta Kutxa ez direla Vital albo batera utzita bat-egiteko prestatzen ari. Elorzak azaldu zuenez, «zentzugabekeria» litzateke bat-egitean kutxetako bat baztertzea.

Kutxen balizko bat-egitearen inguruan, «modu orekatuan» egin beharko litzatekeela esan zuen Elorzak, «zentralismo bizkaitarra saihestuz». Horren harira, hurrengo salaketa ere egin zuen: «Lakuak betiko legez jokatu eta nahi duena egingo du kutxen bat-egite prozesuan».

Elorzaren hitzak, euskal egunkari batek argitaratutako informazioaren ondorioa dira. Argitaratutakoaren arabera, kutxa bizkaitar eta gipuzkoarrak «aurreratuta» izango lukete bat-egiteko plana, betiere Vital arabarra kontuan hartu barik.

Iturri beraren arabera, «Patxi Lopezek bat-egite prozesuaren aurrean erakutsitako aurkakotasunak eragin du BBKko eta Kutxako lehendakarien erabakia». Hala, argitaratutakoaren arabera, udazkenean egingo liratekeen batzar orokorretan onartuko litzateke bi kutxen bat-egitea.

BBKk berririk ez dagoela dio

BBKk ere adierazpenak egin ditu argitaratutako informazioaren inguruan. Azaldu duenez, «ez dago berririk kutxen bat-egitearen gainean duela hiru urte landutako planetatik aparte». Gainera, BBKren ustez, «garrantzia kendu» beharko zaio informazioari. «Denak berdin jarraitzen du», nabarmendu du.

Hala ere, BBKk onartu egin du bi kutxetako lehendakariek bat-egitearen inguruan hitz egin dutela. «Sarri irteten den gaia da, duela hiru urte landutako plan horiek egon badaudelako», argitu du. Gainera, BBKk azaldu duenez, «planek bat-egiteko konbinazio desberdinak hartzen dituzte aintzat, beharrezko gehiengoa lortuz gero, teknikoki kontu erraza delako».

GARRANTZIA KENDU

BBKren ustez, garrantzia kendu behar zaio Kutxaren eta BBK beraren bat-egitea iragartzen zuen informazioari, gaiaren inguruan ez baitago inolako berririk.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo