Donostiako Torneoa
Oier Mendizabal eta Irujoren itzulera dira berrikuntzak
Titinek atariko partida berezia bakarrik jokatuko du, Beginorekin, Aimar Olaizola eta Barriolaren aurka
Jon ORMAZABAL | DONOSTIA
Gasteizko eta Zarautzeko binakako torneoetatik kanpo geratu ostean -Ogetan Aimarren aurkako buruz burukoa jokatu zuen-, lehiaketara itzultzeko modua izango du Juan Martinez de Irujok bere lesiotik osatu ostean. Izan ere, Aspek Donostiako binakako txapelketan aurkeztuko dituen hiru bikoteetako batean sartu du Irujo igandean Aritzbatalden txapeldun irten zen Laskurainekin batera. Iberokoak eta Soraluzekoak, gainera, finalerdietan ekingo diote lehiari egungo binakako txapeldunak diren Aimar Olaizola eta Oier Mendizabalek bezala.
Etxean jokatuko duen Añorgako atzelaria da, hain zuzen ere, txapelketako beste berrikuntza nagusia. Horren erakusle, Donostiakoa izango da Mendizabalek jokatuko duen lehen mailako lehen udako torneoa; gainera, larunbatean Aibarren erakutsi zuenez, joko bolada onean helduko da torneora.
Lehia ostegunean hasiko da Bengoetxea VI.a-Patxi Ruiz eta Xala-Pascual bikoteek jokatuko duten partidarekin. Irabazleek Olaizola II.a-Mendizabal II.a bikoaren aurka jokatuko dute hilaren 26an. Koadroaren beste adarraren hasieran, Berasaluze VIII.a-Begino bikote berritzailea eta Gonzalez-Barriola dira. Lapurtarrak uda irregular xamarra darama, baina Aspek aukera berri bat emango dio, Gasteizen eta Zarautzen garaile irten den Titinek ez baitauka Donostiako torneoan jokatzerik -egun horietarako beste konpromiso batzuk hartuta zituen aurretik-.
Triciokoa, hala ere, Atano III.a pilotalekuan izango da uda honetan, torneoaren atariko gisa antolatutako partida berezia jokatuko baitu. Zerbait berria eskaintzeko ahaleginean, bikote mistoak jarriko dituzte enpresek egun horretan; Titinek Beginorekin jokatuko du Olaizola II.a-Barriola izen handiko bikotearen aurka. Gustura hartu du Goizuetako aurrelariak Barriolarekin jokatzeko aukera. «Nik uste dut partida polita dela, azkenaldian elkarren aurka sarri jokatu dugun arren, elkarrekin ez baitugu aspaldi jokatu. Gaztetan sarri jokatzen genuen elkarrekin eta, orduan, bikote ona osatzen genuen. Ea oraingo honetan ere ondo moldatzen garen, partida oso zaila baitaukagu; izan ere, Titin eta Beginok bikote handia osatzen dute».
Bengoetxea VI.a-Ruiz eta Xala-Pascual bikoteek jokatuko duten partidako irabazleek, Olaizola II.a-Mendizabal II.a izango dituzte aurkari finalerdietan; Irujo eta Laskurainek, aldiz, Berasaluze VIII.a-Begino eta Gonzalez-Barriola partidako garaileak.