Eskubaloia Ustekabea gizonezkoetan
Munduko txapelduna ez da final laurdenetan egongo, bai ordea Hego Korea
B taldeko parekotasunak, asiarren sailkapenak eta Alemaniak Danimarkarekin galdu eta Jokoetatik kanpo geratu izanak, ezusteko kanporaketak ekarri ditu
Imanol SESMA | DONOSTIA
Atzo jokatu ziren Beijingeko Jokoetako eskubaloi txapelketako lehen faseko azken partidak. Horrenbestez, final laurdenetako lau partidak zehaztuta geratu ziren: Frantzia-Errusia, Polonia-Islandia, Espainia-Hego Korea eta Kroazia-Danimarka.
A taldean ez zen ustekabe handiegirik izan. Aldiz, B taldeko selekzioen parekotasunak eta batik bat Hego Koreak erakutsitako mailak, inork espero ez zituen final laurdenetako norgehiagokak ekarri ditu, baita ezusteko handi bat ere: egungo munduko txapelduna den Alemania kanpoan geratu da atzokoan Danimarkaren aurka galdu ondoren (21-27).
Sailkapen faseko azken jardunaldiko beste partidei dagokienez, Kroaziak errez irabazi zion txapelketa osoan punturik lortu ez duen Txinari (33-22), Errusiak azken orduan lortu zuen hurrengo kanporaketarako txartela Hego Koreari irabazita (29-22) eta Espainiak ere aurrera egitea lortu zuen gol ugariko partida batean Brasili nagusituta (36-35). Azken emaitza horrek argi erakusten duenez, bi taldeek ohi baino «opari» gehiago banatu zituzten atzo defentsan. Gainontzeko bi norgehiagokak, aldiz, berdinketarekin amaitu ziren. Hala, Poloniak eta Frantziak 30 golera berdindu eta A taldeko lehen eta bigarren postuak eskuratu zituzten, eta Islandia eta Egiptok 32ra berdindu zuten.
Horiek horrela, biharko final laurdenak bata bestearen atzetik jokatuko dira Beijingeko Kiroletako Gimnasio Nazionalean eguerdiko hamabietatik aurrera (06.00ak Euskal Herrian). Esan beharra dago finalerdiak eta finala Estadio Olinpikotik oso gertu dagoen Beijingeko Jauregi Nazionalean jokatuko direla hilaren 22an eta 24an.
Gaur, emakumeen txanda
Euskal Herriko 06.00etan ospatuko da emakumeen eskubaloi txapelketako lehen final laurdena; A taldean lehen postuan sailkatutako Norvegia eta azken partidan Brasil kanporatu zuen Suedia lehiatuko dira. B taldean gailendu den Errusiak, aldiz, Frantziaren aurka jokatuko du hasiera batean oso parekatuta azaltzen den norgehiagoka batean (14.15ak Euskal Herrian). Lehen fasetik ateratako beste partidak Hego Korea-Txina eta Errumania-Hungaria dira.
Aurreikuspenak betez, Kazakhstan eta Angola final laurdenetatik kanpo geratu dira. Onenen artean egoteko aukerak zituzten Brasil eta Alemania ere ez dira sailkatu. Hegoamerikarrek ia lortuta zuten sailkapena, baina Suediaren aurka 25-22 galdu ostean, azkenean ez dute aurrera egiterik izan.