Futbola
AEBak-Brasil, Atenas 2004ko finalaren errebantxa
GARA | BEIJING
Ameriketako Estatu Batuak Brasilen aurka. Horixe izango da emakumeen futbol torneoko finala. Ostegun arratsaldeko hiruretatik aurrera izango dute dema bi selekzioek; hain zuzen ere, 2004ko Atenasko finaleko errebantxa izango da. Duela lau urte, AEBak luzapenean nagusitu ziren (2-1).
Alemaniaren baimenarekin, bi talde hauek ziren futbol torneoa irabazteko faborito nagusiak eta, egiari zor, pronostikoak goitik behera bete dituztela onartu behar da. Brasildarrek 4-1 egurtu zuten Alemaniako selekzioa finalerdietan, nahiz eta europarrak aurreratu ziren hamargarren minutua betetzerako. Atsedenaldia baino lehen berdindu ondoren, bigarren zatiko aurreneko hamar minutuetan neurketa erabakita utzi zuten brasildarrek beste bi gol sartuta. Neurketako izarra Cristiane aurrelaria izan zen.
AEBak ere galtzen hasi ziren Japoniaren aurka. Azkenean, 2-4 nagusitu ziren. Angela Hucles izan zen bigarren finalerdi honetako jokalari aipagarriena, bi gol sartu baitzituen.
Japoniak eta Alemaniak ostegunean 12.00etan jokatuko dute brontzea erabakitzeko partida.