Gauez parranda egin ostean, egunean zehar gorputza mugitzeko aukera aparta
Bilboko konpartsek antolatutako Aerobithona, egitarau ofizialetik at egiten diren eguneko ekitaldietatik jende gehien erakartzen duenetariko bat da. Dantzarako musika lagun, denok dantzara!
Ibai BARRIOS |
Bilboko jaiak gauez bakarrik bizitzen duenak nekez ezagutuko du Aerobithona bezalako ekitaldietan zer egiten den. Aldiz, gautxoria izateaz gain Aste Nagusian egunean zehar antolatzen diren ekintzetara joateko ohitura galdu ez duen edonork, «saria» merezi du.
Konpartsetako kideekin batera, Aerobithonera hurbildu ziren gazte zein nagusiek dantzatzeko aukera aparta izan zuten atzo. Moskotarrak konpartsaren karpan, ume txikiren bat ere ikusi ahal izan zen techno eta house soinuak gorputza mugitzeko egiten zuten gonbita jarraitzen. Bilboko konpartsek elastiko laranjak eta ur-botilak banatu zituzten ariketak hobeto egiteko. Neska gehiago animatu baziren ere, mutil asko ere izan ziren, segur aski agertoki gainean zeuden emakume monitoreen aholkuak adi-adi jarraitzeko.
Pregoilaria eta txupinera
Dantzarako musika komertziala lagun, gorputza mugitzeko pausoak zuzentzen zituen neskak euskaraz eman zizkien agindu guztiak bildutako parte-hartzaile ugariei. Aitor Elizegi pregoilaria eta Isabel Isazelaia txupinera ere animatu ziren Aerobithonean parte hartzera, gerria ezin hobeto mugitzen dutela erakutsiz gainera.
Ordu erdiko saioaren ostean, neke aurpegiak nabaritzen hasi ziren eta askok dantzatoki inprobisatua beste une baterako utzi behar izan zuten. Izan ere, gauean parranda bota ahal izateko pilak berritu behar dira! Badakizue, festazalea izatearen alde txarrak. Musika komertzialagatik edo dena delakoagatik, kuxkuxero ugari ere bildu ziren atzokoan Areatzako zubian Aerobithona jarraitzeko.