GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Krisian ere, eraikuntza aurrera

Maiseo asko jasan ditu Madrilgo Gobernuak krisi ekonomikoa dagoela onartu ez duelako, maiseo bidegabeak, AEBetako subprime hipotekek sortutako krisia baino askoz lehenago hasi baitzen neurriak hartzen. Eta, iragarri ere, orduko Justizia ministroak iragarri zituen. Espainiar ekonomia hein handian higiezinen sektorearen mendekoa izanda, eraikuntza sustatzeko asmoa agertu zuen. Esan eta egin, eraikin juridikoak egiten hasi ziren, kaskar askoak, baina iritzi publikoaren beldur izan gabe, hedabide handien, iritzi sortzaileen argudio juridikoak baitziren. Iñaki de Juana 2004an idatzi zituen artikuluak direla-eta auzipetu zutenean, Instrukzio epaileak ez zuen inolako mehatxurik ez borroka armatuaren aldeko aldarririk ikusi idatzi haietan; hala ere, Auzitegi Nazional espainolean prentsa irakurtzen duenik badenez, euskal presoa auzipetzeko agindu zuten.

De Juana epaitegi batean deklaratzera deitu dute asteon, haren ongietorrian irakurri zuten gutuna berak idatzi ote zuen jakiteko, zenbait hedabideren arabera. Eta gutunak dioena delitua dela ebatzi dute... hedabide horiek. Izan ere, idatzi zuenak baino hobeto dakite zer esan nahi duen, 2004an De Juanak idatzi zituen artikuluetan zer esan nahi zuen berak baino hobeto zekiten moduan.

Bigarren Mundu Gerraren gaineko pelikula asko ikusita gaude. Baita 36ko Gerraren gainekoak. Haietako askotan nazien edo faxisten aurkako ekintzaileekin identifikarazi egiten dute ikuslea. Hamaika liburu eta artikulu irakurrita gaude Francoren kontra borrokatu zirenak, bai milizianoak, bai makiak, goraipatzen dituztenak. Eta Jose Migel Beñarani eta Txomin Iturberi ezin zaie frankismoaren kontrako beren ekarpena aitortu. Mario Onaindiari, ordea, bai. Garai bertsuan ibili ziren hirurak sasian, baina lehen biak terroristak zirela esan behar da dekretuz. Hirugarrena demokrata eredugarria, jakina. Esan al liteke «gora Lenin»? Eta «gora Saseta»? «Eta bolia barik pelotia esaten badogu...?», zioen lagun futbolari batek.

Ez, Argalak, Txominek eta enparauek egin zutena, asko zein gutxi, ez zen nahikoa izan frankismoa bukatzeko. Bistan da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo