Antonio Dominguez Jaime Malatextos taldea
Bola txinatarrak eta uztai olinpikoak
Mosku 80an egindako jokaldi berbera da (sobietar ereduak 85ean amore eman zuen). Berlingo harresia tranpan erori zen. Eroriko al da Txinakoa?
Berlingo harresia erori zenetik mundu antolamendu berri baten sorreraren aurrean gaude. Munduaren zatiketak 90 graduko bira eman du. Ekialde-Mendebalde izatetik Iparralde-Hegoalde izatera pasatu da. Munduak gutxi batzuen eskuetan egoten jarrai dezan zuzenketa geometriko soil bat besterik ez da izan.
Hala, Txina Ekialdetik Iparraldera pasatu da. Herrialde hori Joko Olinpikoen antolatzaile izatea interes horiei dagokien erabakia besterik ez baita. «Sozialismo» autoritarioaren moduko erregimenak behera doazen moduan, kapitalismoarekin beste horrenbeste ari da gertatzen. Estatubatuarren eredu ekonomikoa gainbehera doa, sinets ezazue. Petroliorik gabe jai dute. Haien «iraunkortasuna» hari batetik zintzilik dago eta etsipena itzela da. Horrexegatik, iraganean bezala, lehengaien gabeziari aurre egin ahal izateko, ongi etorriak, lapurretak, aberatsago diren beste herrialdeetan eginez gero. Hargatik Irakeko inbasioa. Iran aldera joko al dute oraingoan? Txina aliatu egokia da botere eredu horretarako, eta Joko Olinpikoak, Samaranch faxistaren itzalpeko botereak horrenbeste borrokatu duen goxoki patriotero hori, Mosku 80an egindako jokaldi berbera da (sobietar ereduak 85ean amore eman zuen). Berlingo harresia tranpan erori zen. Eroriko al da Txinakoa? Txina eta Indiarekin, herrialderik industrializatuenen taldeak bere G puntua aurkitu duela dirudi, 10 kiderekin, G-10; beraz, ez zaitezte harritu hemendik gutxira hain aparteko klubean sartzen ikusten baldin baditugu. AEBetako, Frantziako, Italiako edo Errusiako mandatariak munduaren ordezkariak izatea beldurgarria baldin bada, pentsa blokeari mandarinak gehitzen baldin bazaizkio.
Baliabide gabezia baldin badago, harekin bizitzen ikasi beharko. Moldatu. Ez da horren zaila, benetan. Gure gainprodukzio kontsumistak baliabide natural eta humanoak agortzen ditu. Amairik gabeko lanaldi bortitzak ezin dira onartu, eta Txina da horren adibiderik okerrena. Txinaren hautaketari eta hari emandako erabateko laguntzari ustel usaina hartu ez diezaiegun, Iparralde ekonomikoko talde kontserbadore eta (neo)liberalek erlijio askatasunaren gainean zenbait gaitzespen epel antzeztu dituzte, Tibeteko borroka aitzakia hartuta, bost axola dien etnia izan arren. Txintik ere ez dute esan lan esplotazioari buruz, jakina, sozialki lokartuta dagoen Mendebaldera inportatu beharreko ereduak baitira; ezaguna egiten al zaizue 65 orduko lan astea? Gaztela bezalaxe, Txinaren denda-ostea zabala da, eta bertan Txinako agintariek beren apopiloei, gure jauntxoei, erakusteko gauza asko dituzte «denak balio du» eta «itzela joango zaizue» ideiei buruz. Horregatik, guk, elbarritu sozialok, joko hauez paraolinpikoki paso egiten dugu. Beste sozialismo bat posible da. Eta hesiak txiki geratu eta gainditzen baldin badituzte, barrikadak eraikiko ditugu.