GARA > Idatzia > > Kultura

«Orain, harriek eta agiriek diotena alderatu nahi dugu»

Amaiurreko gazteluaren hirugarren indusketa kanpainaren lehen zatia bukatu berri duten honetan, hausnarketa garaia iritsi da. Aurkitutako guztia bildu, dituzten agiriekin alderatu eta ondorioak ateratzeko baliatuko dituzte ondoko hilabeteak. Amaiurreko gazteluaren errai barreneko bidaia bukatu da oraingoz, udazkena bitarte behintzat, eta indusketen helburuak ari dira betetzen gutxinaka: memoria historikoa berreskuratu eta kultur ondarea zaharberritzea.
p038_f02_.jpg

Rebeka CALVO | AMAIUR

Nahiko gaztelu txikia zen Amaiurrekoa, «gerra egoerarik ez zenean, goarnizioan, hamabi soldadu edukitzen zituena». Baina sinbologia aldetik berebiziko garrantzia du Euskal Herrian, batez ere Gaztelako inbasioari aurre egin zion Nafa- rroako Erresumako azken gotorleku gisa ezagutzen delako. Amaiur baino lehenago ere gaztelu asko desagerrarazi zituzten Gaztelako tropek Nafarroan, baina Baztango bailarakoa da egun sinbologia hori guztia biltzen duena.

Amaiur hortaz, batez ere, 1522ko batailarengatik da horren adierazgarri. Esan daiteke Nafarroako Erresumako azken gaztelu gotortua izan zela. Baina, zer gertatu zen gerora? Bai kolektiboak, bai gizabanakoak helduleku sinbolikoak behar dituela bere identitate eraikitzeko. Eta zutarri handi bat izan zen zentzu honetan 1922. urtean monolitoa eraiki izana. Pentsatu behar da, gainera, Bigarren Karlistaldia eta gero, Foruak indargabetu zituztenean, gizartean ere porrotaren sentipena zabaldu zela. Horrexegatik eraiki zuten monolitoa; Foruen aldeko aldarri gisa. Sinbologia horren guztiaren barruan, gainera, ez zuten edozein urte aukeratu monolitoa jartzeko, 1522. urtearen laugarren mendeurrenean eraiki zuten. Beraz, sinboloak leku fisikoak behar izaten ditu eta «monolitoak berak ere sinbologia hau asko elikatu du», azaldu du Amaiurreko indusketetan lanean ari den Aranzadi zientzia elkarteko Mikel Erraskin kideak.

Izan ere, Aranzadikoek, Udako Euskal Unibertsitatearekin, Baztango Udalarekin, Udalbiderekin eta Amaiurreko herriarekin batera 2006an hasitako lanen aurretik, Baztango bailarako tontortxo honetan ez zegoen Amaiur gazteluaren inongo zantzurik.

Horrexegatik egitasmo honi hasiera ematean Aranzadikoen helburu nagusia oroimen historikoa berreskuratzea zen. «Garai hartako ondare hori berreskuratu nahi dugu batetik, eta bestetik, indusketa arkeologikoa ere bultzatu nahi dugu. Azken batean, gazteluaren nondik norakoak, ez bakarrik XVI. mendeko bataila horrena, baizik eta lehenagotik zegoena jaso nahi dugu -Aranzadikoek dituzten gazteluaren lehen agiriak XIII. mendekoak dira-, kronologia hori guztia jaso nahi dugu, alegia», azaldu du Erraskinek.

Horrekin batera, kultur ondarearen zaharberritzea bultzatu nahi dute eta programa hezitzaile bat egituratu ere bai, «honen guztiaren zabalkundea bultzatu nahi dugu, ondoren, aldiz- kariak aterako ditugu, bai oso maila teknikoan, eta bai publiko orokorrari zuzendutakoak ere. Webgunea ere abiatzeko asmoa dugu».

Urteetan ahaztua izan eta gero, batez ere Nafarroako agintarien aldetik, herritarrak izan ziren Amaiurreko gaztelua berres- kuratu behar zela aldarrikatzen lehenak. Azalean ez zegoen guztia atera behar zela erabaki zuten, antzina gotorleku txiki izandako hura geurera ekartzeko garaia zela. Eta lanean hasi ziren, nahiz eta orain bi urte ez zekiten bertan zer topatuko zuten, «horregatik erabaki genuen zundaketa bat egitea», argitu du Mikel Erraskinek.

«Amaiur gaztelua kokatzen den mendiaren aldez aldezko introspekzio lanekin hasi ginen eta honek Erdi Aroko gazteluaren erdiko tramo bat bazegoela argitu zigun. Gerora, horrek markatu digu lana, batez ere iazko kanpaina nondik abiarazi behar genuen argitu zigularik», gaineratu du.

Lehen indusketa kanpaina 2006an izan zen. Orduan gotorlekuko mendebaldeko harresiaz eta ekialdekoaren zati batez gain, animalia hezurrak, txanponak, zeramika pusketak, iltzeak eta horrelakoak topatu zituzten bertan.

Iazko kanpainari dagokionez, gazteluaren erdia hartu eta Erdi Aroko gazteluaren zatiak bistarazi zituzten. Lan fisikoa, hortaz. «Hori guztia garbitu eta indusmakinen, aitzurren, pikatxoien eta palen bidez hura guztia atera genuen. Iaz batez ere egiturak interesatzen zitzaizkigun», argitu du Aranzadiko kideak.

Aurten, aldiz, indusketa lan «klasikoagoa» burutu dute Amaiurren, alegia: «Harresien barruan egon gara lanean. Materiala hartu eta poliki-poliki hori guztia ateratzen aritu gara. Arrasto asko aurkitu ditugu gainera, eta kontuan hartu behar da arkeologian kontua ez dela arrastoak topatzea bakarrik, horiek zein mailatan topatu diren ere oso garrantzitsua da».

Horiek horrela, aurtengo kanpainak 800 bat «arrasto» utzi ditu agerian; eraikuntzarekin dute zerikusia batzuek -iltzeak eta teilak, esaterako- eta bertoko bizimoduari buruzko zantzuak agertzen dituzte beste batzuek -animalien hezurrak-. Bestelako lanik ere egin dute: «Geo-radarra pasa dugu gazteluaren beste zatia bistarazi beharrean. Horrek, izpien bidez, lurraren desberdintasunak atzematen digu. Orain honek zein informazio ematen digun ikusi behar dugu, izan ere, gazteluaren perimetroa zehazten lagunduko digula uste dugu».

Hausnarketa garaia

Hiru kanpaina hauek bukatuta, udazkena bitartean, behintzat, hausnarketa garaia izango da ikerlari taldearentzat. Aranzadikoek historialari bat eduki dute azken urte eta erdian dokumentazioa lantzen eta orain «harriek eta agiriek esaten digutena gurutzatu behar dugu».

«Hausnarketa garaia da oraingoa, izan ere, bertan lan pila bat egin izan dira -ermita bat egon zen bertan, Konbentzio Gerrako gotorleku ere izan zen...-; hori dela-eta, elementu hauek guztiak identifikatzea oso zaila egiten zaigu. Orain arte bistarazitako hori kontsolidatu egin behar dugu eta denbora behar dugu horretarako. Arrastoak ere garbitu egin behar ditugu, arkeozoologoek animalien hezurrak aztertu behar dituzte, arkitektoek interpretazio lana egin... Lan talde zabala osatzen dugu, eta bulegoko lan asko dugu oraindik egiteko», argitu du Aranzadiko elkarteko kideak.

UDAZKENA ARTE

Oraingoz azkena izango den Amaiurreko hirugarren indusketa kanpainari udazken aldera ekingo diote berriro gazteluaren perimetroa ateratzen jarraitzeko. Bitartean, «hausnarketa» garaiari helduko diote, aurkitutakoa agiriekin alderatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo