Suaren kolorea Ziudadelako harresietan barna sartuko da Iruñeko zerua argitzeraino
Suaren garrak botatzen duen indarraz baliatuz, Iruñeko Ziudadelako harresiak kolorez argiztatuko ditu Carabosse konpainia frantsesak, hiriburua bere «erraietara itzultzeko ahaleginean».
GARA | IRUÑEA
Gaur eta bihar Iruñeko Ziudadela ingurua suak argituko du Carabosse konpainia frantsesak eskainiko duen «San Lorenzoren malkoak» ikuskizunari esker. Hiru orduz hiriburua suaren edertasunaren bidez islatuko duen emankizuna espresuki inguru horretarako prestatuta dago, bertako arkitektura historikoa aintzakotzat hartuz eginda- koa baita.
Yuka Jimenez konpainiako kideak adierazi duenez, bertan hainbat denbora daramaten harresiei balioa ematea da beren nahia. Horrela, hainbat espazio eta elementu aprobetxatuz, Santa Maria katedralaren eta Santiagokoaren artean, Armada etorbideko bi muturretatik eta gazteluaren buelta guztitik ezarriko duten zirkuituak Iruñea hiriaren beste ikuspegi bat ematea du helburu nagusi.
Ikuskizun librea
Aurelien Rotreau, Carabosse taldeko kidearen esanetan, ikusleak, artistak eta instalazioak uztartzen dituen «ikuskizun libre bat» da.
«Kanpoko espazioa bera agertoki bihurtu nahi dugu», gaineratu zuen. Hori lortzeko, gaua iristearekin batera sugarra handiagotzen joango da eta suz betetako ontzietatik irtengo diren izpiak harresietan islatzen joango dira. Argiekin eta itzalekin jolasten du, beraz, konpainiak, eta espazioari egokitutako musikaren bidez ikuskizunaren elementu garrantzitsuena den suak hiriburu osoa zerura begira jarriko du egunotan.
Yuka Jimenezek, gainera, euriak ez duela arazorik ekarriko aurreratu du, zaparradaren bat botako balu, suzko ontziek «poesia gehiagoko soinua» egingo baitute.
Era berean, ikusleek parte-hartzea izango dute; izan ere, Matioo musikaria eta beraren panpinak uraren gainean ibiltzen agertuko dira eta bertaratutakoei Santa Maria katedraletik jarraitu beharreko bidea adieraziko die. «Nenufares» deituriko ontzien inguruan ibili ondoren, oihan batean barneratzeko aukera izango du ikusleak; Carabosse konpainiako kideek manipulaturiko hodi eta tximini handien tenperatura altuen sentsazioan murgiltzeko aukera.
Aurrerago, «Torcere» deritzon beste tximini batek suzko bolak sortuko ditu eta puntu horretan hogei metrotara egongo diren suzko lianek harresiak gaindituko dituzte ikusleak iraganera eramanez, Ziudadelak Iruñea babestearen -edo menperatzearen- funtzioa betetzen zueneko garaira, hain zuzen ere.
Instalazioaren erdigunera ailegatu aurretik suzko kamiseten labirintoak ezkutaketan jolasteko aukera eskainiko die parte-hartzaileei eta hor zehar lau metroko diametroa duen suzko esfera bat ikusteko abagunea ere izango dute.
Ibilbidea bukatzeko sua botatzen duten pertikekin dabiltzan «funambrules» delakoekin topo egin, eta Ziudadelaren gainaldean suzko girlanda erraldoi batek eta suzko bi tulipanek harresiko horma argiztatuko dute.
Carabosse konpainiaren ikuskizun horrez gain, Ziudadelaren inguruan beste hainbat ekitaldi ere antolatu dituzte datorren asterako. Datorren hilaren 29an eta 30ean, adibidez, Sabicas flamenko gitarra-jotzaile iruindarra omentzeko gitarra jaialdia egingo dute. Gainera, gogoratu behar da nazioarteko hamabost artisten argazkiak biltzen dituen «Una mirada al mundo» erakusketa irailaren 7a arte egongo dela harresi barruan.
Ikuskizuna:
Carabosse konpainiaren «San Lorenzoren malkoak».
Tokia: Iruñeko Ziudadelan, Armada etorbideko atetik sartuta.
Noiz: Abuztuak 22 eta 23,
21.45ean.
Sarrera:
Dohainik.