GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Harri-zulatzea Euskal Herriko Liga

Jaizubiak txapela gertuago izateko aukera ederra dauka

Hondarribikoak dira sailkapen nagusiko buru, hamar puntuko aldearekin

p036_f01.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Euskal Herriko harri-zulatzaileen liga amaitzear dago, bi jardunaldi besterik ez baitira geratzen txapelketa amaitzeko. Azkenaurreko jardunaldia bihar jokatuko dute Bilbon, Areatzan, 12.30ean hasita.

Jaizubia da sailkapeneko lehena, eta Hondarribikoak nahiko egoera erosoan daude. Jardunaldi honetan ere lehen bi postuetan amaitzen badute, txapela ia bi eskuekin ukitzeko moduan izango dira. Hamar puntu kentzen dizkiete Trapagaranekoei eta bost gehiago Burdin Gazteak Ortuellako taldeari.

Beraz, gauzak dauden moduan, oso zaila ematen du gipuzkoarrei txapelak ihes egitea. Gainerako taldeek huts asko egin dituzte denboraldian zehar, eta gipuzkoarrek, aldiz, bat ere ez. Lehen hiru postuetan ibili dira jardunaldi guztietan, eta horrek sailkapeneko buru izateko aukera hori eman die.

Burdin Gazteak taldeak, eta Trapagaranek azkeneko aukera dute. Bi talde hauek txapela lortzeko aukera apur batzuk dituzte, baina horretarako ezin dute hutsik egin. Biek amaitu behar dute Jaizubiaren aurretik; hala ere, ez da erraza izango, Hondarribikoek atze samarrean geratu beharko bailukete, eta orain artekoa ikusita, horrek ez dirudi erraza izango denik.

Bilboko Areatza leporaino beteko da. Ligako proba bat urtero egiten da, eta zaleek gustuko dute, izan ere jendetza batzen baita saioa ikustera. Bertan talde guztiak izango dira nor baino nor, eta honako hauek izango dira: Aldai Alde, errekatxo, Burdin Gazteak, Errekatxo, jaizubia, Gallarta, Kabiezes, Arboleda, Txorierri eta Trapagaran.

Beste txapelketak

Hala ere, ordea, harri-zulatzaileen Liga ez da izango Bilbon jokatu eta ikusi ahal izango den lehia bakarra, gaur bertan, 18.00etatik aurrera, zaku-lasterketako taldekako herrialdeko finala jokatuko dute-eta, Arriaga antzokiko atarian.

Etzi, berriz, beste final bat ere izango da, baina hau Gatikan jokatuko dute, 12.30etik aurrera, eta bertan herrialdeko ingude-altxatzekoa izango da. Kirolari bakoitzak 18 kiloko ingudea izango du lanerako, eta minutu eta erdi izango ditu kirolari bakoitzak ahalik eta jasoaldirik gehien emateko.

Iparraldeko Txapelketan, berriz, astelehenean, 21.00etatik aurrera Kanboko plazan, lasto-altxatze eta lokotx-biltzeko Ipar Euskal Herriko txapeldun berriak ezagutu ahal izango dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo