GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Ikurrina, herri borondatearen ikurra

Azkenaldion oihartzun handia hartu du zenbait intelektual espainiarrek zabaldutako idatziak, gaztelania arriskuan dagoela dioenak, alegia. Besterik gabe gezurra izateaz gain, barregarria ere bada: diotenez, euskarak eta beste hizkuntza gutxitu batzuek jarri omen dute arriskuan. Hizkuntza horien hiztunen eta haien aldeko apustua egin duten herritarren borondatea hutsaren hurrengoa da arrazoiaren jabe usteko horientzat. Nazionalismo baztertzaile, ukatzaile horrek beste ofentsiba bati ekin dio arlo sinbolikoan, hango eta hemengo instituzioen eta epaileen eta polizien laguntzarekin. Nafarroan ikurrina dekretuz desagerrarazi nahi dute, eraikin ofizialetatik ez ezik, kaleetatik ere bai; Ipar Euskal Herrian administrazioak turismo-oroigarri hutsa baino gehiago izatea galarazten du, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bandera espainolaren itzalpean baino ez agertzea inposatzen ari dira, ikurrina «beste banderatxo espainol bat» balitz bezala, herritarren borondatea hutsaren hurrengoa bilakatuta berriz ere. Ikurrina, ordea, guztiz kontrakoa da, herri batek bere askatasuna lortzeko, bere etorkizuna erabakitzeko nahia, askatasun ukatuaren aldarrikapena. Atzo Bilbon, konpartsek deituta, ehunka euskal herritarrek, tartean Aste Nagusiko txupinera eta pregoilaria zirela, ikurrina haizatu eta hark ordezkatzen duena bizirik dagoela adierazi zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo