GARA > Idatzia > > Mundua

Hamasei hildako Somalian gerrillak presidentearen jauregiari eraso egin eta gero

Somaliako gerrillak Abdullahi Iusuf Ahmed presidentearen egoitza nagusiari eraso egin zion atzo. Gobernuak gogor erantzun zion atentatuari eta gutxienez sei herritar hil zituzten Muqdisho hiriburuan. Gainera, beste hamar hildako izan ziren bi aldeen arteko tiroketetan.

GARA |

Somalian 1991. urtean hasi zen gerran, gerrillak Gobernuaren aurkako beste urrats bat egin zuen atzo presidentearen jauregia erasota. Gobernuak bere aldetik gogor erantzun zion erasoari eta gutxienez sei herritar hil eta beste hamar zauritu zituen Muqdisho hiriburuan.

Lekukoek baieztatu dutenez, gerrillako hainbat kidek «oso armatuak eta morteroekin» Abdullahi Iusuf Ahmed Somaliako presidentearen egoitza nagusiaren aurka jo zuten. Gobernuaren tropek, ordea, berehala erantzun zuten morteroak erabiliz, gutxienez sei hildako eta hamar bat zauritu eraginez.

Somaliako tropen tiroak Bakara auzora heldu zirela nabarmendu zuten hainbat herritarrek. «Bakarako merkatuan misil bat erori eta, horren ondorioz, lau herritar hil ziren. Beste zazpi pertsona gutxienez zauritu egin ziren», azaldu zuen Hassan Adan Yarisow lekukoak.

Minutu gutxi batzuk iraun zituen gerrillaren eta Gobernuaren arteko tiroketak. Muqdishoko beste herritar batek ere baieztatu du militarrek herritarren etxebizitzen aurka tiro egin zutela.

Etiopiako tropek ere operazioan parte hartu zuten, ofizialki 2006. urtetik Somaliako Gobernua militarki laguntzen baitu.

Hamar hildako tiroketetan

Asteazkenean hasi zen borrokaldiak gutxienez hamar hildako eta 20 zauritu utzi ditu militar, matxinatu eta herritarren artean. Kismayuko portuan, Somaliako hegoaldean, gertatu ziren tiroketarik larrienak, bertako agintarien ustez, «gerrillak hiria hartu nahi duelako».

Biktimen artean «gutxienez lau herritar» daudela azpimarratu zuen Kismayuko bizilaguna den Sahro Mohamed-ek. Bestalde, ospitalean hogei zauritu baino gehiago artatu zituztela esan zuten bertako langileek.

ETIOPIAko tropak

Gerrillaren aurkako erasoan etiopiako tropak ere hartu zuten parte. 2006. urtetik Etiopiako militarrek Somaliako Gobernua militarki lagundu dute gerrillaren kontra.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo