GARA > Idatzia > > Kultura

Jaime Blanchek Francis Veberrek idatzitako «Aquí un amigo» lana antzeztuko du Antzoki Zaharrean

Txalo Produkzioak hurrengo astean Donostian izango da publikoaren barre algarak sortzeko asmoa duen antzezlan hau eskainiz. Jaime Blanch dugu «Aquí un amigo»ren zuzendari eta antzezle nagusia.

p043_f01_97x84.jpg

 

GARA | DONOSTIA

Euskal Herriko beste antzokietan egon den arren, Donostiara lehen aldiz iritsi da «Aqui un amigo» lana. Hurrengo astean egongo da Txalo Produkzioak taldeak egindako lan hau ikusteko aukera. Zehazki, hilaren 27tik 31ra izango da, Antzoki Zaharrean. Aukera ederra da, hortaz, antzerki frantses garaikidearen klasiko hau ikusteko. Esan daiteke antzezlanaren arduradun nagusia Jaime Blanch dela, zuzentzeaz gain pertsonaia nagusia baita. Antzezleak halako erronka bikoitz bati aurre egiten dion lehen aldia da. Blanchek atzo egindako aurkezpenean azaldutakoaren arabera, testu hau «L'emmedeur» jatorrizkoaren moldaketa da, Francis Veber idazlearena, besteak beste, «La cena de los idiotas» eta «Salir del armario» idatzi dituena.

Komedia honetan Jaime Blanchek argazkilari baten papera antzezten du, bere emazteak utzi eta gero suizidatu nahi izango duen gizonarena, hain zuzen. Baina, harrigarria bada ere, beltzez jantzitako gizonak, hau da, Ramon Langak, burutik kenduko dio asmo hori. Harrigarriagoa da, ordea, pertsonaia hori soldatapeko hiltzailea dela, lan kontuak direla-eta hotel berean ostatu hartu duena.

Arrakasta ziurra

Antzezlanaren zuzendariak argi esan du bere ustez publikoaren harrera ona izango dela. Azaldu duenaren arabera, Estatu frantsesean arrakasta handia izan baitu bai publikoaren aldetik, bai kritikaren aldetik. Bigarren antzezleak, Ramon Langak, bestetik, ikusleak antzokira joan daitezen animatu ditu, antzezlanak barre-algarak eragiteaz gain, ezustekoen bidez ikusleak harritu ere egingo baititu.

Orain dela lau hilabete estreinatu zuten lana eta jadanik 40 bat emanaldi egin dituzte. Euskal Herrian, lehendabizi, Barakaldo Antzokian izan ziren, apirilean. Hemendik aurrera, hala ere, beste antzoki asko bisitatzeko asmoa dute, urtarrilera arte egongo baita ikusgai.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo