La Trova nafarrek «El reverso del verso» taularatuko dute gaur gauean Bilborocken
GARA | BILBO
Kaleko ikuskizun eta musikalen artean, umorezko lanei babesa eman die aste osoan zehar Bilborock aretoak, egunero talde eta antzezlan desberdin bat aurkeztuz. Baina, Aste Nagusia bezala, oraindik ez da amaitu eta bi lan ikusteko aukera dago, oraindik: gaur gauean La Trova eta bihar Joseph Collard.
«El reverso del verso» izango da Nafarroako taldeak taularatuko duen lana. Zazpigarrena duten lan honetan, La Trova taldeak propio egindako estiloari eusten dio musikaren eta zuzeneko testuaren arteko nahasketa erabiliz. Orain dela urtebete Iruñean estreinatu zuten antzezlan honetan, lau pertsonaien arteko topaketa azaltzen dute, Urrezko Mendeko antzerki alegorikoaren estiloari jarraituz. Egilea da lau protagonista hauen artean lehena, eta antzezlan berri bat sortzekotan dela Komediarekin hizketan hasten da, baina ez daki Kulturara edota Berezkotasunera hurbildu behar duen. Bitartean, hainbat pasarte musikal gisa agertzen dira. Horretan arituko dira Javier Horno -antzezle izateaz gain, egile eta zuzendari dena-, Javier San Julian, Jose Luis Gonzalez eta Manuel Horno. Bihar, ordea, Joseph Collar izango da, eta «Zig Zag» antzezlana eskainiko du.