ESKUBALOIA
Norvegia eta Errusia urrearen bila joango dira biharko emakumezkoen finalean
Imanol SESMA | DONOSTIA
Norvegia eta Errusiako selekzioak arituko dira emakumezkoen eskubaloiko finalean lehenak Hego Korea eta bigarrenak Hungaria menderatu ostean. Beraz, bi talde hauek brontzeagatik borrokatu beharko dute.
Norvegiarrek 29-28 irabazi zieten korearrei azken segundoetan erabaki zen norgehiagokan. Bi taldeetatik inork ez zuen partzial positibo nabarmenik lortzen, eta partida borrokatua izan zen atsedenaldiko markagailuak erakusten duen bezala, asiarrak 14-15 ari baitziren irabazten europarrei. Beste finalerdian, Errusiak amaierako markagailuak dioena baino errazago menderatu zuen Hungaria. Partida osoan nagusi izan zen atzoko irabazlea, eta 9-14 aurreratu zen lehen zatia amaitzerako. Bigarrengoan apur bat lasaitu zen Errusia, baina amaierara arte mantendu zuen bere hasierako errenta (20-22).
Bosgarren eta zortzigarren postuen arteko lehiak ere aurrera doaz, eta Frantzia eta Txinak jokatuko dute bi postu onenengatik borrokatzeko aukera. Lehenengoak Errumaniari 34-36 irabazi zion gol askoko partida batean, eta bigarrena 19-20 gailendu zitzaion Suediari.
Intentsitate handiko jardunaldia
Bihar jokatuko da Errusia eta Norvegiaren arteko finala (9.45ean Euskal Herrian), baina jardunaldia goizago hasiko da. Hasteko, zazpigarren postua lortzeko lehian, Suedia eta Errumania arituko dira; jarraian, bosgarrena izango dute helburu Txina eta Frantziak. Hirugarren eta laugarren postuak Euskal Herriko 7.30ean erabakiko dira.