GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

Etxebizitzaren auzia eta «gizarte alokairuaren» arazoak

«Gizarte» alokairua marketin tresna gisa

Oinarrizko premia izan arren, asko dira etxebizitza duina lortzeko ezintasun ekonomikoak dituztenak. Bitartean, gure herri eta auzoetan etxeak egin eta egin ari direla ikusten dugu. Egoera horren aurrean, alokairura jotzen dutenek, ordea, arazo bertsuarekin egiten dute topo. Bitartean, etxebizitza asko eta asko hutsik daude.

etxebizitza.jpg

Janire ARRONDO-Maider IANTZI

Oskar Salinasek Etxebideren zerrendetan izena eman zuen duela urte batzuk. Nahiz eta orain arte ez zaion deus «tokatu», Alokabideren jakinarazpen bat jaso du «gizarte» alokairuko etxebizitza bat egokitu zaiola esanez. Legazpiko herritarrak azaldu duenez, hasieran pozarren zegoen, baina ilusioa zapuztu egin zitzaion hilero zenbat diru ordaindu behar zuen jakitean: 621 euro. Gainera, sartu aurretik, argia, gasa eta ura izateko alta eman behar zuen, Alokabidek aurreko jabea baja ematera derrigortu baitzuen, eta altzari guztiak berak jarri behar zituen, sukaldea soilik baitzegoen paratuta. Salinasek 1.500 euro eramaten ditu hilero etxera, eta lau pertsonak bizi behar dute horrekin: emazteak, bi seme-alabek eta berak. Emaztea eszedentzian dago umeak zaintzeko.

«Ezker Batuak aho betean hitz egiten du gizarte alokairuari buruz, eta, beraz, izugarri gustatuko litzaidake Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Saileko arduradunek azaltzea posible ote den `gizarte' alokairu bat nire soldataren %40tik gorakoa izatea», adierazi du. Orain alokairu libreko etxe batean bizi dira eta hilabetean 480 euro ordaintzen dituzte. «Zentzuzkoa al da babes ofizialeko merkatua merkatu librea baino askoz ere garestiagoa izatea? Neurri horiekin nahi dute gazteok geure kasa bizitzen jartzea, pixka bat aurreztea eta aurrerago etxebizitza librea erostea?», galdetu du.

Salinasen iritziz, Etxebizitza Sailak berriro ere egin beharko luke alokairu politikaren plangintza, sarri ezer gutxi baitu «gizarte» kontzeptuaren esanahitik. Zuzenketa faktoreak aplikatzea komeni dela uste du: esate baterako, «ez da gauza bera Donostian eta pareko hiriburuetan `gizarte' alokairua 621 eurokoa izatea (azken batean, hiriburuetako alokairu librea 800-1.000 euro inguruan dabil) edo kopuru hori Legazpiko `gizarte' alokairuari dagokiona izatea (etxebizitza libreko errentak zertxobait merkeagoak dira)». Hilero 200-300 euro ordaintzea eta beste etxebizitza bat bilatzeko bost urteko epea izatea proposatu du, eta kasu bakoitza aztertzea, beraren ustez, «gizarte» kontzeptuak pertsona bakoitzaren egoerari begiratzea esan nahi duelako.

Alokabide enpresa pribatua dela eta kontaktuan jartzeko 902 batera (hau da, ordaindu beharreko zenbaki batera) deitu behar dela oroitarazi du.

Ez da harritu esleitu dioten etxeko atari berean beste etxe bat sei hilabetean hutsik ikustean. «Lau hautagaiek uko egin diote sartzeari». Gainera, Salinas haserre agertu da herriko salmenta erregimeneko babes ofizialeko etxebizitzekin «zenbait irregulartasun» gertatu direlako.

Orain dela urte eta erdi bilera egin zuten Salinasek eta beste lagun batzuek Alokabideko ordezkariekin, Legazpiko babes ofizialeko etxe batzuk hutsik daudela kritikatzeko. Alokairu sozialaren alde daudela argitu zuten, «benetako» alokairu sozial baten alde. Herritarren «agintari-ordezkariek» gizartean etxebizitzarekin dagoen arazoa konpontzeko moduari buruzko gogoeta egiteko garaia dela deritzote.

«Talka plana»

Lakuako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak datorren irailetik aurrera «etxebizitzen babestutako alokairua sustatzeko» hainbat neurri biltzen dituen «talka plana» martxan jarriko zuela iragarri zuen joan den ekainaren amaieran. Horretarako, Javier Madrazo sailburuak agertu zuenez, herrietako udalak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Kutxak «aktiboki inplikatzeko» asmoa agertu zuten.

«Talka plan» horretan bi eratako laguntzak ematea aurreikusten dute: zuzenekoak eta zeharkakoak. Zuzenekoak, herrietako udalei emango dizkieten laguntzak dira. Alokairura zuzentzen dituzten, edo horretara bideratzeko eskuratzen dituzten etxebizitza bakoitzeko 40.000 euroko laguntza emango diete udalei.

Zeharkakoak berriz, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Kutxekin adostutako akordio baten bidez gauzatuko dira. Horrela, Madrazok adierazi zuenez, «beharrezko diren maileguak %4,75eko hobariarekin lortzeko aukera izango da».

Lakuako Etxebizitza Sailak 130 milioi euro bideratuko ditu etxebizitza babestuen alokairua sustatzeko plan horretara, eta, bestetik, 1.700 etxe merkaturako dituzte.

Promozioa helburu

Elkartzen, Euskal Herriko eskubide sozialen aldeko mugimenduak adierazi duenez, Lakuako Gobernuak, prestatutako plan horrekin, «datozen hauteskundeetara begirako promozioa egitea du helburu». Erakunde honen esanetan, «Lakuak etengabe iragartzen ditu izaera soziala duten asmoak», baina Elkartzenen arabera «ondoren ezerezean geratzen diren helburuak jasotzen dituzte horrelako planek».

Eskubide sozialen aldeko mugimenduaren arabera, «talka-plana» iragartzean «Lakuaren benetako asmoak ezkutatzeko asmoa dute». Javier Madrazok egitasmo horrekin etxebizitzen babestutako alokairua bultzatu nahi dutela esan bazuen ere, Elkartzenen ustez «benetako erronka, krisiaz hitz egiten den garai honetan, eraikuntzan aritzen diren enpresariei babesa ematea da».

Bestetik, Elkartzenek «barregarritzat» jo du babestutako alokairura bideratzeko aurreikusten den diru kantitatea: 130 milioi euro hiru urtetan. Bien bitartean, bestelako proiektuek «neurrigabeko aurrekontuak» dituzte, esaterako, superportu, autopista edo AHT gisako azpiegiturak egiteko; azken horretarako, hain zuzen, 10.000 milioi euro bideratu dituzte, mantentze gastuak kontuan izan gabe. Elkartzenen arabera, horrelako ekintzekin garbi ikusten da «Euskal Herriko langileek sortutako ondasunak behar sozialetara bideratu beharrean, kapital inbertsioetara bideratzen dituztela, enpresarien onurarako».

Zeharkako laguntzei dagokienez, berriz, egitasmo horrekin «EAEko Kutxen iniziatiba soziala» saltzea da asmoa, mugimendu horren iritzira. Gainera, «begi bistakoa da, entitate horiek neurrigabeko negozioa egiten ari direla ematen dituzten maileguekin».

Elkartzenek jakinarazi duenez, neurri guzti horiek «tapaki hutsak dira». Etxebizitzaren arazoari aurre egiteko, «lehenik eta behin, etxebizitzak eraikitzen jarraitu beharrean, hutsik daudenak erabili beharko lirateke, 150.000 etxebizitza Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Etxebizitzaren arazoari aurre egiteko bigarren neurria, berriz, «etxebizitzen alokairuen prezioak mugatzea» litzateke, erakunde sozialaren arabera. «Bi neurri horiekin posible litzateke espekulazioa eta hirigintza basatia geldiaraztea eta herritar guztien etxebizitza eskubidea bermatzea».

Lakuako Gobernuak aditzera eman zuenaren arabera, 2002an martxan jarritako 33.796 etxebizitza babestuetatik 6.552 alokairukoak dira. Etxebizitza Sailak zifra horiei gorakada eman ahal izateko, 19.000 etxebizitzako alokairu parkea jarri du martxan. Gainera, Madrazoren sailak, herrietako udalak eta finantza-erakundeak finantzatuz, eta «Bizigune» programaren bitartez egingo du posible hori guztia.

«Bizigune» egitasmoa alokairuko etxebizitza sustatzeko eta «egungo etxebizitza ahalik eta gehien aprobetxatzeagatik» jarri zuten martxan Lakuako Etxebizitza Sailak adierazi zuenez. Gaur egun, Lakuaren esanetan, «EAEn 30.000 etxebizitza huts daude» eta horiei erabilgarritasuna emateko helburuarekin sortu zen programa hori. Ikus daitekeenez, alde handia dago Elkartzenek eta Lakuak emandako datuen artean.

Lakuako arduradunen hitzetan, «Bizigune» planari esker «dagoeneko, lau urtetan 4.000 etxebizitza huts bideratu dituzte, eta batez besteko alokairua 300 eurokoa da».

Elkartzen erakundearen arabera berriz, «Bizigune» bezalako programek «ez dute benetako arazoa konpontzeko balio». Izan ere, «ondasun publikoak esku pribatuetara bideratzea besterik ez dakar».

Lakuako Etxebizitza Sailaren esanetan, etxebizitzen babestutako alokairua kudeatzeko Alokabide sozietate anonimoaren baliabideak ere plan horretara eskaintzen dituzte. Beren esanetan, Alokabide da gaur egun «EAEko alokairuaren eragilea», 7.232 etxebizitza dituelako errenta-erregimenean.

Gainera, Lakuaren ustetan neurri horiek bultzada garrantzitsua emango diote errenta-erregimenean dituzten etxebizitza horien sustapenari.

Berez, «ekipamendu publikoetara bideratutako lurzoruetan dauden etxebizitzak dira, eta 40-50 metro koadro bitartekoak dira. «Gazteengan pentsatuz» diseinatutako eraikinak dira horiek Etxebizitza Sailaren esanetan. Horrela, mota horretako etxebizitza babestuak sustatzeko 45.000 euro bideratuko dituzte etxe bakoitzeko.

Eudel-ekin tirabirak

Lakuako Etxebizitza Sailak «talka-plana» aurrera eramateko «herrietako udalak aktiboki inplikatzeko» asmoa zuela azaldu zuen. Haserre agertu zen Eudel horren aurrean, izan ere, bere hitzetan «gaur egungo babestutako etxebizitza parkea ezingo litzateke erdietsi herrietako udalek horretan lan egingo ez balute».

Gainera, Udalen Elkartearen esanetan, Madrazok kontrakoa esan bazuen ere, beraiek ez zioten oniritzia eman plan horri, apenas ezagutzen zutelako. Eudelek, komunikatu batean jakitera eman zuenez, beraiei helarazi zietena «zirriborro soil bat zen, eta argitara eman baino, soilik, hiru egun lehenago ezagutu genuen; bertan 20 eguneko epea ematen zen haren inguruko iritzia agertzeko».

Eudelen esanetan «ez da zentzuzkoa herritarrei hainbat neurri azaltzea aurretik udalekin kontsultatu gabe, eta gutxiago udalak bete-betean inplikatuta daudenean». Ez da zentzuzko, era berean, «herrietako udaletxeei egoztea jarrera arduragabe horren ondorioak».

Udalen Elkartearen arabera «etxebizitza politikak udalaren laguntzarekin garatu behar dira eta ez beraiei bizkarra emanez». Beren ustetan, sustatu beharrekoak tasatutako etxebizitzen, babes ofizialekoen eta alokairuko etxebizitzen aldeko politikak dira.

Elkarte honek Javier Madrazo Etxebizitza Sailburuari lankidetza hitzarmena bidali zion. Hitzarmen horretan «babestutako etxebizitzak egiteko politika publikoen ezarpena, eta batez ere, babestutako alokairua sustatzeko konpromisoa eta lankidetza» berresten zuten.

datu kontraesankorrak

Elkartzenen arabera Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan 150.000 etxebizitza huts daude alokatzeko moduan. Lakuako Gobernuaren datuen arabera, etxebizitza hutsen parkea 30.000koa da. Aldea oso handia bada ere, argi dago bi kopuruak oso altuak direla.

alokabide s.A.

Etxebizitza politikaren kudeaketa hiru Sozietate Anonimoen esku dago: Orubide, Visesa eta Alokabide. Lakuako Gobernuaz gain hiru lurraldetako kutxak eta Euskadiko Kutxa daude bertan. Informazio gehiago: www.alokabide.com

Lesovi-Ivisle: «si no es viable, ponle punto y final y construye bien»

Vista la «pasividad» de Alokabide, la asociación Lesobi-Ivisle de Legazpi tiene una intención clara: que los inquilinos de alquiler social de la localidad dispongan de la opción de compra. Es decir, que sus pisos se equiparen a las viviendas «hermanas», que eran de Lakua y fueron vendidas en propiedad, con derecho de superficie por 75 años. Esta organización vecinal considera escandaloso que un alquiler social pueda llegar a ser muy superior a la hipoteca de un piso en derecho de superficie por 75 años, como ocurre en las 48 viviendas «hermanas» de Legazpi. «La pequeña diferencia es que los de venta lo pagarán en 20 años y podrán disfrutar de su vivienda hasta llegar a esos 75. En cambio, nosotros habremos pagado el piso de alquiler social y Alokabide dispondrá dentro de esos 20 años de 24 viviendas pagadas y vacías para especular».

Los inquilinos de alquiler social de Legazpi explican a GARA que desde Alokabide «nos han reconocido que el actual proyecto no es viable, pero nos hacen pagar la inviabilidad». Añaden que esta sociedad anónima muestra «dejadez» al pasar seis meses hasta reparar la puerta del garaje, al dejar que se inunde, al llamar quince veces para arreglar una incidencia y no venir nadie... Y aclaran que «no gestiona las viviendas; el primer año sí, pero el segundo se nos impuso el pago de una gestoría. Entonces, ¿qué es lo que hace Alokabide?», se preguntan. La respuesta es evidente: «Es la propietaria».

Inciden en que «el reconocimiento expreso de la no viabilidad quema» y se preguntan cómo puede permanecer una vivienda vacía durante seis meses «si hay tanta necesidad de vivienda social». «Si no es viable, ponle punto y final y construye algo bien», exigen.

«Soziala» baina garesti

Salinas legazpiarraren kasuak erakusten duenez, Alokabidek kudeatutako etxeen eta merkatu librean lor daitezkeen etxeen artean ez dago apenas alderik. Areago, kasu batzuetan bigarrenak lehendabizikoak baino merkeagoak izan daitezke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo