Musika eskaintza oparoa, Aste Nagusiko azken asteburuan
Bilboko Aste Nagusia azken txanpan sartzen ari da, baina oraindik badago hainbat ekitaldiez gozatzeko aukera. Musikaren alorrean, adibidez, asteburua kontzertuz beterik dator eta hiriko agertokietatik proposamen ugari eta askotarikoak pasako dira, gustu guztiak asetzeko moduan. Amaral, El Consorcio edota Travis taldeen abesti berriez nahiz klasikoez gozatzeko aukera izango du Bilboko jaietara hurbiltzen den orok. Aspertzeko aukerarik ez da, beraz.
Ibai BARRIOS |
Bilboko jaiak amaitzeko hiru egun besterik ez dira falta, baina azken momentura arte Aste Nagusia topera disfrutatzeko aukerarik ez da faltako Bilbo kaleetan barrena. Bigarren asteburuan, jendetsuena izan ohi dena, musika munduko zenbait talde esanguratsu hiriko agertokietatik igaroko dira beraien doinuak zabalduz betiko zaletu zein fan berrien gozamenerako.
Gaurkoan Amaral Zaragozako taldea dugu izar nagusia, dudarik gabe. Aurten «Gato negro, dragón rojo» diska berria atera dute eta momentu honetan biran dabiltza konposizio berriak zein aurreko lanetako abesti ezagunenak biltzen dituen errepertorioa jotzen. Haiekin hitzordua, gaueko hamabietatik aurrera, Botika Zaharreko gunean. Bestalde, Abandoibarran, El Consorcio Bilboko talde historikoa 23.30ean; Plaza Berrian, Urs Karpatz ukraniar, hungariar eta errumaniar ijitoz osatutako taldea, 24.00etatik aurrera; eta Baileneko agertokian, rock & roll saioa, Hash eta Jardin Infierno taldeen eskutik, 20.00etan.
Estilo kontrajarriak
Larunbatean musika mota oso ezberdinak izango ditugu Bilboko Aste Nagusian: Britainia Handitik datorren Travis taldearen indie musika Botika Zaharrean, 24.00etan; reggae jaialdia Plaza Berrian, The Heptones jamaikar mitikoak eta Basque Dub Foundation euskaldunak ordu berean; Abandoibarran, Carlos Baute abeslaria, 23.30ean. Horiez gain, Baileneko agertokian punk-rocka izango da nagusi El Paso Killers eta Jukebox Racket bertoko taldeen eskutik.
Eva Amaral eta Juan Aguirre bikoteak osatzen duten Amaral taldea izango da, seguruenik, aurtengo Aste Nagusian jende gehien batuko duen kontzertua, beste urteetan Fito edota Manu Chao bezala.
Egitarau ofizialaz aparte, Bilboko beste hainbat lekutan ere musika eskaintza ugaria izango da. Zazpi Katu gaztetxeak zein Bullit eta Kremlin tabernak horretarako aukera eskaintzen dute Aste Nagusian.