GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Maite Ubiria Kazetaria

Presoak askatu, herria kateaturik gordetzeko

Kartzeletako atarietan eman eta jasotzen diren besarkadek emozio berezia sortzen dute. Goxo-goxoak dira muxuak, eta bostekoek indar berezia hartzen dute. Malkoek gatz gutxiago dute eta gertukoen besoek inoiz baino hobeto babesten dituzte sorbaldak.

Espetxeko atea zabaltzen denean, sentimenduak azkartzen dira. Haizeak garbiagoa dirudi, eta bost axola du eguraldiak!, zerua urdin eta garden azaltzen baita. Herria askatzeko ametsa eta askatasuna galtzearen zorigaiztoa. Bakea eraikitzeko ahaleginak sarritan kartzelan sartzen dituzte. Ez dira, ordea, ziegetan amaitzen, abertzale jenderik gabeko kaleekin amets egiten dutenek aspaldi horrela iragarrita badute ere. Itzalean direnek argi berriak pizteko gaitasunik ez dute galtzen. Kartzelako harresiak benetako errealitatea ezkutatzeko eraiki zituzten, isiltasuna zabaltzeko. Izan ere, zailtasunak zailtasun, herriak eta gizakiak badute indar nahiko ateak zabaltzeko, eta orduan, hamaika gako erabilita ere, ezin da sentimenduen ihesaldia galarazi.

Besarkada eta pot, lagunen arteko begirada bustia, eta askatasunari lapurtutako gauetan milaka aldiz irudikatutako etxerako bidaia. Azkenik eguna iritsi da, eta desagerturik nahi zituzten horien irribarreek kolpez ezabatzen dituzte idatzitako eta esandako gezurrak, sasi-egiak eta faltsukeriak.

Kartzelatik atera bezain pronto egiten dizkieten harrerek argi bezain argi frogatzen dute bere burua militante politikotzat hartzen duten presoen eta jendartearen arteko lotura zapuzteko ahaleginek porrot egin dutela. Kartzelara eraman zituen konpondu gabeko auzia desitxuratzeko etengabeko asmoak hutsean geratzen diren bezala. Nola azaldu bestela debekuak gaindituz hedabide gehienetan deabru gisa aurkezten dituzten horiek jasotzen dituzten laztanak?

198 palestinar etxera itzuli dira, batzuk hiru hamarkada itzalean igaro ondoren. Pozez zoratzen hartu dituzte beraien herrian, barruan geratu diren 11.000 presoak ahantzi gabe. Ospakizunetan Palestina giltzaperaturik gordetzeko Israelek hautatu duen solaskidea dago. Maitasun keinuak maltzurkeriaz harturiko erabakiari aurre egiteko gai izango dira? Inshala.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo