Igoera fasea
2005. urtean galdutako lekua berreskuratzen saiatuko da Isuntza
Helburuak beteta kanporaketan parte hartzea saria da lehendakariaren ustez, baina «beti gorantz begira» daudela abisatu du
Imanol SESMA | DONOSTIA
Lekeitioko Isuntza, Sestaoko Kaiku eta Moañako (Pontevedra) Meira TKE ligara igotzeko kanporaketan lehiatzeko eskubidea ematen duten bi plazetako bat lortzen saiatuko dira larunbatean Orion eta igandean Castro Urdialesen. Horien arteko estropada Kantauri itsasoko ontzi onenen ligako azkenaurreko jardunaldiaren baitan ospatuko da; beraz, gertu ikusi ahal izango dituzte igoerak eta jaitsierak erabakitzeko kanporaketan etsai izango dituztenak: Laredo eta, ziurrenik, Arkote -oso zaila du bi estropadatan 17 puntura duen Tiran harrapatzea-.
Larunbatean hasiko den igoera fasean, Galiziako bigarren mailako txapelduna izan den Vigoko traineruak ere hartu behar zuen parte. Aldiz, igoera fasean parte hartzeari uko egin dio eta, ondorioz, Meira Galiziako txapelduna eta KAE1 ligan nagusitu diren Kaiku eta Isuntza bizkaitarrak lehiatuko dira.
Isuntzak TKE liga ezagutzen du
Kaikuren itzalean egon da Isuntza aurten, baina lehenek ez bezala, lekeitiarrek badakite TKEn arraun egitea zer den -2005ean galdu zuten maila-. Isuntzako lehendakari Santi Zumaranen hitzetan, aurtengo helburua «lehenengo lauren artean ibiltzea» zen eta, beraz, lortutako emaitza «oso ona» da. Izan ere, Zumaranek badaki «mugak» dituztela, ez baitute arraunlariei eskaintzeko dirurik. Hala ere, «talde gazte eta polita» dutela uste du, baita igoera fasean aritzea eginiko lan onaren «saria» dela. Hori bai, denbora pasatzera bakarrik ez doazela abisatu du: «Gu beti gorantz begira gaude».
Igoera fasean gertatuko dena itsasoan ikusi beharko dela nabarmendu zuen Isuntzako lehendakariak: «Kaiku gu baino gehiago dela badakigu, baina ikusi egin beharko da ea Meira ere hobea den. Hortik aurrera, ikusiko dugu. Laredo baino gehiago garela esan daiteke, eta Arkoteri ere irabazi diogu aurten, hori guztia baina uretan erakutsi beharko dugu».
Igoera lortuz gero, merezita izango dela azaldu du: «Inork ez digu ezer oparitu». Gainera, kirol eta ekonomi arloan igoerak alde on asko eta txar gutxi dituela uste du. «Garestia den bakarra Galiziara joatea da», esan zuen Santik ironia puntu batez.
Asteburu honetako bi ontzi onenak eta TKE ligako azken biak irailaren 20an eta 21ean jokatuko dute kanporaketa Bermeo eta Portugaleten.
Arraunlari propioen auzia TKE sortzeak eragin du Santi Zumaranen ustez: «Eztabaidatzen duenak ez ditu legeak irakurri edo kupoak kentzea nahi du diruarekin edozer egin ahal izateko. Nik handiz idatziko nuke».
Zierbena, Portugalete, Orio B eta Trintxerpek jokatuko dute KAE ligako igoera eta jaitsiera kanporaketa asteburu honetan; lehen bi taldeak ez jaisteko lehiatuko dira, eta beste biak, aldiz, igoera lortzeko.
Larunbatean, Lutxanak antolatuta, Erandioko ibaian ospatuko da lehen estropada. Bigarrena eta azkena, igandean jokatuko da San Vicente de la Barquerako uretan. Astillero zuzenean igo da KAE1 ligara denboraldian zehar lortu duen lehen postuari esker eta jadanik gertuago du TKE ligara itzultzea. Zierbena, Portugalete, Orio B eta Trintxerpek, berriz, asteburuko erregularrenak izan nahi dute, lau talde horietatik bakarrak izango baitu Kantauri itsasoko zilarrezko ligan aritzeko aukera.I. S.