GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Aitor Zubillaga aske utzi dute bere aurkako euroagindu eskaeraren berri eman ostean

Aitor Zubillaga legazpiarra aske gelditu zen atzo. Astelehenean Zuberoako Gotaine herrian atxilotu zuen frantziar poliziak, Madriletik egindako euroagindu eskaera bat dela-eta. Horren berri eman eta aske gelditu zen. Hurrengo asteartean erabakiko da eskaera onartu edo ez.

GARA |

Aitor Zubillaga Legazpiko gaztea atxilotu zuen astelehenean frantziar poliziak, Zuberoako Gotaine herrian, baina Paueko fiskaltzak aske uzteko agindua eman zuen atzo, Madrileko Auzitegi Nazionalak bere kontra egindako euroagindu eskaeraren berri eman ostean. Hurrengo asteartean, irailaren 2an, Paueko Gortean hitzordua jarri dio fiskaltzak; han burutuko den saioan erabakiko dute Madrileko euroagindu eskaera onartu edo ez. Askatasunak atzo jakinarazi zuenez, joan den astelehenean atxilotu zuten Zubillaga goizeko hamaikak aldera, eta atzo pasa zen fiskaltzaren aitzinetik. Erakunde honek gogor salatu zuen frantziar gobernuaren «jardun errepresiboa», eta legazpiar gaztearen kontrako ekimen honen aitzinean «protesta egitera» deitu zuen.

Espainiar informazio iturriek zabaldu zutenez, 2000. urtean gazteari egotzi zizkioten erasoekin zerikusia izanen luke Auzitegi Nazionalaren eskaerak. Orduan atxilotu egin zuten eta, urtebete beranduago, fidantza- pean aske gelditu zen. Legazpin alkatetza zuen EAJren kontrako hainbat eraso burutzea leporatu zioten. Hainbat komunikabidek 2001. urteaz geroztik bilatze egoeran zegoela ziurtatu dute, baina, hala ere, klandestinitatean ez zegoela nabarmendu du iturri horietako batek.

Beste hainbat iturrik iaz izandako gertaera batekin lotu dute Zubillagaren atxiloketa. Castellon polizia-kontrol bat ikusita taxi batetik ihes egitea leporatzen dioten Ander Mujikaren laguna izan daitekeela erran dute, ustez taxi gidariak Renfeko geltokian agurtu zuen pertsonarekin identifikatu baitu argazki baten bidez. Informazio horretan oinarrituz hainbat komunikabide espainiarrek ETArekin lotu nahi izan dute gaztea, baina informazio iturri ofizialek ez dute horrelakorik zehaztu.

ERABAKIA

Paueko Fiskaltzak Zubillaga aske uzteko agindu zuen, baina hurrengo asteartean Paueko Gortean agertu beharko du. Euroagindua onartu edo ez han erabakiko dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo