GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Euskarabideko bigarren izendatu dute Ruben Fuertes San Adriango zinegotzia

GARA |

Euskarabidea Nafarroako Euskararen Institutuak hutsune nabaria zuen orain dela bi hilabete Mikel Aranburu Aholkularitza eta Ikerketa Zerbitzuko zuzendaria kargugabetu zutenetik. Ordezkoa izendatu dute orain, asteleheneko Gobernu bileran onetsi zutenez: Ruben Fuertes Peralta, 30 urtekoa eta San Adriango zinegotzia.

Fuertesek ez du adierazpenik egin, oporretan dago-eta. Daitekeena da hurrengo astean bertan hartzea kargu berria. Izendapen berri honekin, Euskara- bideko goi karguen taldea osatzen doa Xabier Azanza zuzendaria. Arazoak, ordea, arlo teknikoan pilatu zaizkio orain, azken hogei urteotan Hizkuntza Politika Sailean jardun duten administrariek lanpostuz aldatzeko lehiaketetara aurkeztu baitituzte euren buruak; horrek zailtasun handiak sor ditzake Institutuaren eguneroko funtziona- menduan.

Orain arte euskara irakasle gisa aritu da Ruben Fuertes. Iruñean jaio zen, 1977ko abenduaren 5ean. San Adriango Alfonso X El Sabio ikastetxean euskara irakasle gisa aritu zen, A eredua ematen duen zentro batean beraz. Hiru urtez egon zen bertan, eta beste bat, tartean, Cintruenigon. Aurretik Zizur Nagusian eta Iruñeko Azpilagaina auzoan izan zen irakasle.

Nafarroako Gobernuak jakinarazitako curriculumean nabarmentzen duenez, helduei euskarazko klaseak ematen ere aritu da Fuertes. Eta hainbat ikastaro eginak ditu: irakaskuntza arlokoak, teknologia berrien ingurukoak eta hezkuntz metodologiari buruzkoak.

Jarduera politikoari dagokionez, San Adriango Udaleko zinegotzia da, Candidatura Independiente Por Nuestro San Adrián hautagaitzaren barruan. Udal horretako alkatea UPNkoa da, nahiz eta alderdi horrek PSNk dituen zinegotzi kopuru berdina duen: bost. Fuertesen taldeak bi ditu eta IUN-NEB alderdiak beste bat. San Adriango Udalean hainbat ardura ditu Fuertesek. Hain zuzen ere, Hezkuntza, Kultura, Gaztedia eta Jaiak arloa kudeatzen du.

Azanzaren laguntzailea

Aurrerantzean Euskarabideko Aholkularitza eta Ikerketa Zerbitzuko zuzendaria izango denez, Institutuko bigarren kargu garrantzitsuena beteko du Fuertesek. Horrenbestez, Xabier Azanza zuzendariaren laguntzaile gertukoena izango da.

Mikel Aranburu aurreko zerbitzuburuarekiko konfiantza galdu zuen udaberrian Azanzak eta kargugabetu egin zuen. Lan egiteko eran desadostasunak zituztela esan zuen; besteak beste, Aranburuk erabakiak gehiegi atzeratzen zituela esan zuen. Kargugabetzearen albistea aurrekontu murrizketarenarekin batera zabaldu zen, Euskarabideko krisia agerian utziz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo