Bilboko alde zaharra, Euskal Herriko lehen kirol apustu-etxearen gotorleku
Frontoiak, plazak edo tabernak izan dira posturak egiteko ohiko tokiak Euskal Herrian, baina hemendik aurrera beste aukera bat ere izango da. Izan ere, atzo ireki zuten Bilboko Alde Zaharrean Gasteizko Gobernuak baimendutako lehen kirol apustu-etxea eta, datozen egunetan, beste hainbat jarriko dituzte martxan.
Manex ALTUNA
Erresuma Batuan sekulako arrakasta duten kirol apustu-etxeak heldu dira dagoeneko Euskal Herrira. Euskal Kirol Apustuak (EKASA) enpresa izan da horrelako zentro bat irekitzen lehena. Bilboko Alde Zaharreko Somera kalean dago kokaturik eta atzo eguerdian egin zuten inaugurazio ekitaldia. Jende andana hurbildu zen jakingurak mugiturik eta, bertan, hainbat kiroletan apustu egiteko makinak aurkitu zituzten. Era berean, kirol ikuskizunak zuzenean jarraitzeko telebista pantaila erraldoiak eta zerbait jan eta edan ahal izateko gune bat ere aurkitu zituzten aretoaren barruan.
Hogei zentimotik 100 eurorainoko apustuak egin ahal izango dira, eta futbola, saskibaloia, tenisa, Bat Formula edo txirrindularitzaz gain, Euskal Herrian arrakasta duten pilota eta arraunketa bezalakoek ere izango dute lekua. Izan ere, apustuen mundua kirol horien inguruan mugitu izan da herri honetan, orain merkatua ireki nahi badute ere.
Futbolaren kasuan, esaterako, hainbat apustu egiteko aukera eskaintzen da. Lehen Mailatik Hirugarren Mailarako partida guztien emaitzekin egin daiteke apustua, kinielan bezala. Ingalaterra, Frantzia, Italia eta Alemaniako txapelketako edo Txapeldunen Ligako partidekin ere egin daitezke apustuak. Berritasuna, ordea, golegileen izenak, atsedenaldiko emaitza, gol diferentzia... asmatzean datza.
Apustu guztiak apustu-etxean dauden makinen bitartez bideratzen dira. EKASA enpresak garatutako makinak tabernetan eta jatetxeetan ere jarriko dituzte. Azaldu dutenaren arabera, apustuak modu errazean egiteko aukera emango dute terminal horiek. Dagoeneko 140 herrik eskatu dituzte makinak eta enpresak urte amaierarako 500 jarriko dituela espero du, hori baita Lakuak jarritako muga.
Adibidez, igandean Athleticek eta Almeriak San Mamesen jokatuko duten partida zuri-gorriek irabazten badute, 1,80 euro ordainduko dira jokoan jarritako euro bakoitzaren truk. Berdinketa izanez gero, 3,25 euro eta, Almeriak irabaziz gero, 3,90 euro. Lehen golegilea izateko, Fernando Llorente da faboritoa eta 4,70 euro ordaintzen dira bere alde apustu egindako euro bakoitzeko. Almeriako Negredo izango balitz lehen golegilea, 5,40 euro ordainduko lirateke.
Larunbatean hasiko den Espainiako Itzulia nork irabaziko duen ere apustu egin daiteke. Contador da faborito nagusia eta 1,70 euro ordaintzen dira bere alde apustu egindako euro bakoitzeko. Bere atzetik, Sastre (4,50 euro) eta Leipheimer (6 euro) daude. Txirrindularitzaren kasuan, Euskaltel Euskadik zenbat garaipen eskuratuko dituen ere apustu egin daiteke. Estropaden munduan, Kontxako Banderaren garailearen izena asmatzen saiatzeko aukera dago. Une honetan, Astillero da faborito nagusia, baina Castro eta Urdaibai hurbil dituzte kantabriarrek.
Aspe eta Asegarce
Esku-pilota, zesta punta eta palako posturak ere egin daitezke. Ez da harritzekoa. Izan ere, Gasteizko Gobernuak apustu-etxeak irekitzeko eman dituen lizentziak eskuratu dituzten enpresek lotura dute pilotaren munduarekin. Teleapostuak enpresa, esaterako, Aspe pilota enpresak kudeatzen du Egursport-ekin batera; Garaipen Victoria Apustuak enpresan, berriz, Asegarcek du partaidetza beste askoren artean.
Teleapostuak enpresak Kirol Jokoa marka komertziala erabiliko du eta Eibarretik kudeatuko dute. Lehen apustu etxeak hilabete amaieran irekiko dituzte atzo prentsa ohar baten bidez ezagutarazi zutenez. Gasteiz, Eibar, Tolosa eta Irunen zabalduko dira eta apustu-makinak ere ipiniko dituzte ostalaritza lokaletan. Ondorengo hilabeteetan, Gernika, Durango, Santurtzi, Barakaldo, Bilbo eta Donostiara heltzeko asmoa dute.