Top 14
Ngwenyaren bi entseguk erabaki dute neurketa
Zuri-gorriak atzetik joan ziren atsedenaldira, baina azkenean nagusitu egin ziren
Jon LEUNDA | BIARRITZ
Biarritzek garaipen batekin ekin dio denboraldiari, eta horrek nolabaiteko lasaitasuna emango die bai zaleei bai jokalariei, iazko denboraldia oso gogorra izan baitzen zuri-gorrientzat.
Partida zaila zuten lapurtarrek, Bourgoinen helburua ere goian ibiltzea baita; atzo argi eta garbi utzi zuten Agileran oso kontutan hartu beharreko taldea dela. Lehen jardunaldia gogorra izan zen etxekoentzat. Gaizki hasi ziren, eta hirugarren minutuan kanpotarrak 0-7 aitzineratu ziren entsegu bat egin eta transformazioa sartuta.
Markagailuan atzetik joate horrek urduritasuna ekarri zien etxeko jokalariei, eta gauzak ez zituzten behar bezala egin. Bourgoinek bazekien zer egin behar zuen eta, bere jokoa eginez, aurretik zirela joan ziren kanpotarrak atseden hartzera; markagailuak 9-10ekoa adierazten zuen. Tarte horretan euskaldunek hiru zigor-kolpe gauzatu zituzten, eta kanpotarrek bat.
Lehen zatia gaizki hasi zen Biarritzentzat, baita bigarrena ere, hirugarren minutuan zigor batez baliatu baitziren kanpotarrak markagailuan aldea gehitzeko. Kezka aurpegia nabaria zen zaleen artean, baina iaz askotan gertatu zen bezalaxe, Ngwenya agertu zen. Estatubatuarra izan zen iazko jokalaririk onenetakoa, eta atzokoan ere horrelaxe izan zen. Berak gauzatutako entsegu batek jarri zituen etxekoak aurretik, eta horrek indar handia eman zien. Geroago bigarrena ere egin zuen amerikarrak.
Agilerako jabeak erosoago aritu ziren markagailua alde zutela, eta amaierara bitartean aldeari eutsi zioten, sufritu egin behar izan zuten arren. Horrenbestez, denboraldiko lehen garaipena erdietsi ahal izan zuten. Hala ere, atsedenerako tarterik ez dute izango, larunbatean berriro ere Liga baitago.