GARA > Idatzia > Kirolak > Errugbia

Castres

Avironek lehen zatian bideratu du garaipena

p038_f02.jpg


CASTRES 26

AVIRON 27

J.L. | BAIONA

Avironek Ligari hasiera ezin hobea eman dio, Castres bezalako zelai zail batetan garaipena erdietsi baitzuen atzo. Asko sufritu behar izan zuten bigarren zatian, baina azkenean lau puntu besapean hartuta etxeratu ziren.

Denboraldia hasi aurretik jokatutako lagunarteko partidetan itxura ezin hobea eman zuten euskaldunek, eta zaleak itxaropen handiak zituzten. Atzo egindako aurreikuspenak bete zituzten, eta, lehen zatian egindako joko bikainari esker, amaieran denboraldiko lehen jardunaldian estreinako garaipena erdietsi ahal izan zuten.

Zuri-urdinek lehen zati bikaina jokatu zuten. Baloiarekin ederki mugitu ziren, eta hegaletan duten abiadurak min izugarria egin zien etxeko taldeari. Daniel Larretxeak aitzineratu zituen lapurtarrak zigor-kolpe bati esker, baina etxekoek horri buelta eman zioten bi zigor-kolpe gauzatu ostean. Aldiz, hor hasi zen euskaldunen erakustaldia.

Bolavukuk egin zuen Avironen lehen entsegua, eta berehala egin zuen Gerberrek bigarrena. Larretxeak ostikoekin ez zuen hutsik egin, eta 6-17koa jarri zuen markagailuan.

Emaitza horrekin, Baionakoek erritmoa apur bat jaitsi zuten, eta Catresek markagailua murriztu zuen entsegu bati esker. Aldiz, lehen zatiko azkeneko jokaldian, Puricellik euskaldunen hirugarren entsegua egin zuen; transformazioarekin ere ez zuen hutsik egin Larretxeak eta 13-24 emaitzarekin heldu zen partida atsedenaldira. Bigarren zatian, ordea, gauzak asko aldatu ziren. Castresek ez zuen ezer gabe geratu nahi, eta gogor jo zuen aurrera bigarren zatiko lehen minutuetan. Zigor-kolpe bati esker markagailua murriztu egin zuen, baina Larretxeak gauza bera egin zuen hurrengo jokaldian, eta gauzak lehenean geratu ziren.

Hortik aurrera, ordea, etxeko taldeak presio handia sartu zion Avironi, eta zuri-urdinek sufritu egin behar izan zuten. Hori bai, amaieran saria jaso zuten.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo