GARA > Idatzia > > Mundua

Krisi politikoa dela eta, kargua utziko duela iragarri du Yasuo Fukudak

Urtebete baino gutxiago eman du karguan Yasuo Fukudak. Shinzo Aberen dimisioaren ostean izendatu zuten Japoniako lehen ministro 2007ko irailaren 25ean eta atzo iragarri zuen agintea utziko duela. Albisteak ezustea eragin du, herrialdeak bizi duen krisialdia areagotuz.

GARA |

Japoniako lehen ministro Yasuo Fukudak kargua utziko duela iragarri zuen atzo bere etxean eginiko agerraldian. Dena den, ez zuen zehaztu kargua noiz utziko duen. Dimisioak ezustea eragin du, urtebete baino gutxiago baitarama karguan.

Fukudaren agintaldiak kritika anitz jaso ditu hasiera-hasieratik. Pentsioak ez dira sekula hainbeste jaitsi eta osasun sistemak eztabaida ugari sortu ditu. Krisialdi ekonomikoak, gainera, kritikak areagotu ditu. Horrez gain, oposizioan dagoen Alderdi Demokratikoak (PD) ez dio atsedenik eman Fukudari. Senatuan gehiengoa duenez, Gobernuak bultzatutako ekimen politiko eta ekonomiko gehienak zapuztu ditu. Horiek horrela, agintea uztea erabaki du.

«Nik egindako proposamen guztien kontra egin du beti oposizioak, bereziki lege proiektu garrantzitsuenei dagokionean. Jarrera horrek buruhauste galantak eragin dizkit», esan zuen Fukudak. Gobernuaren eta Ichiro Ozawa buru duen PDren artean hartu-eman handiagoa egon izan balitz Japoniarentzat hobe litzatekeela gaineratu zuen.

Legebiltzarrak 2007ko irailaren 25an izendatu zuen Fukuda lehen ministro, Shinzo Abek bat-batean kargua utzi ondoren. Bere ondokoen laguntza ezak eta ustelkeria arazoek nahiz Alderdi Liberal Demokrataren (PLD) jarrera itxiak haren agintaldia gobernaezina egin zuten.

Etorkizunean zer gertatuko den galdetuta, PLDren auzia dela adierazi zuen Fukudak. Hori bai, bere ordezkoa hautatzeko prozesua martxan dela zehaztu zuen -Gobernuko eta PLDko burua pertsona bera izaten da-.

PDk, berriz, «ardurarik gabe» jokatu izana leporatu zien bai PLDri baita Fukudari ere. «Erantzukizuna beraiena da», nabarmendu zuen Naoto Kanek.

harridura

«Harri eta zur utzi nau albisteak. Elkarrekin denbora asko eman dugu eta ez nekien deus ere», esan zuen Yohei Kokok, Behe Ganberako presidenteak eta Gobernuan dagoen PLD alderdiko kideak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo