«A las cinco en el Astoria», La Oreja de Van Gogh taldeak egina du hitzordua
A. BILBAO | DONOSTIA
La Oreja de Van Gogh Donostiako pop talde ezaguneko Xabi San Martin, Pablo Benegas, Alvaro Fuentes eta Haritz Garde musikariek Leire Martinezekin hitzordua egina dute Astorian, bostetan. Taldeko abeslari berria dugu Martinez, Amaia Montero ordezkatzera datorrena; eta lan berria dute «A las cinco en el Astoria», gaur bertan plazaratu dena, «El último vals» singlearekin irrati eta telebistan promozio lan indartsua egin eta gero.
Egun diskoa prestatzen ari den Amaia Monterok bakarka hasteko asmoa agertu ostean, kantari berria aurkitu eta iragan otsailaren 28an hasi zen taldea Leire Martinezekin lanean. Disko berria Landetako Du Manoir eta Madrileko Red Led estudioetan grabatu zuten udaberrian, Nigel Walker grabazio-ingeniariak eta taldeak berak ekoitzita. Masterizazioaz, berriz, Coldplay, Nirvana, Springsteen edo Madonnarekin lan egindako Bob Ludwig arduratu da, Ameriketako Estatu Batuetako Gateway Mastering estudioetan. «A las cinco en el Astoria» diskoak San Martin eta Benegasek sortutako hamabi kantu biltzen ditu; lana Internet bidez iTunes ataritik jaisten dutenek, berriz, «Pequeños momentos» kantua dute opari.
Txanpu iragarle
Donostian 1979an jaioa, Leire Martinez kantari berriak Factor X telebista saioan parte hartu zuen eta dagoeneko bere izenean web atari bat izateaz gain, Wikipedian ere badu bere sarrera. Gainera, estreinako diskoa plazaratu aurretik, «Pelo Sexy» Herbal Essences txanpu iragarkiko protagonista izan dugu.
Aurreko lau diskoekin (1998ko «Dile al sol», 2000ko «El viaje de Copperpot», 2003ko «Lo que te conté mientras te hacías la dormida» eta 2006ko «Guapa»), sei milioitik gora ale saldu ditu taldeak azken hamar urteotan. Horrenbestez, Euskal Herrian inoiz sortu den talde arrakastatsuenetakoa da.