GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Arantxa Urbe Ikasle euskaldun eleaniztunak sortzen lan taldeko koordinatzailea

Erramun Osari, oinak lurrean ditugula

Oinak lurrean izateak, belarriak eta begiak kalearen parean, eskolaren parean, zerbitzuen parean eta, nola ez, administrazioaren parean izatea ekarri digu. Horregatik erantzun genion Kontseiluak egin zigun gonbitari

Prentsan zabaldu zenuen gutunean zenioen eskertuko zeniokeela Kontseiluko zuzendaritzari euskara indarberritzeko zer egin beharko litzatekeen adieraziko balu.

Kontseiluko zuzendaritzakoak ez garen arren, Kontseiluarekin jardun dugu elkarlanean Ikasle euskaldun eleaniztunak sortzen, «Hizkuntzak irakatsi eta ikasteko markoa EAEn» legearen garapenerako Kontseiluaren proposamena taxutzen. Lan hori, hain zuzen, Gasteizko Hezkuntza Sailak eskatutako lana da. Gure helbururik behinena, legeak hizkuntza alorrean eskatzen duena lortzeko denontzat baliogarria izango den proposamena egiten ahalegintzea izan da.

Proposamen hori Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Deustuko Unibertsitatean aurkeztu zuen joan den maiatzaren 8an. Txosten horretan proposatzen da EAEko ikasleek derrigorrezko hezkuntza amaitzen dutenean erkidegoan ofizialak diren bi hizkuntzak, euskara eta gaztelania, B2 mailan eta atzerriko hizkuntza bat gutxienez B1 mailan menderatzeko egin beharko litzatekeena.

Testua lan talde tekniko batek osatu du, eta hizkuntzarekin lotura duten hainbat diziplinatako unibertsitate adituen aholkuak eta ekarpenak jaso ditu.

Proposamenak, gainera, EHIK Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioaren, EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Guraso Elkartearen, Kristau Eskolaren, Sortzen-Ikasbatuaz-en eta Hik Hasi-ren atxikimendua eta babesa jaso du, egungo EAEko hezkuntza eragile esanguratsuenena, alegia.

Ordutik proposamenaren testua nahi duen ororentzat eskuragarri dago. Ezagutzen ez baduzu, gogo onez helaraziko dizugu.

Kontseiluaren proposamen hori ez doa Galizian edo Katalunian duela 25 urtez legez ezarria dutena baino harago, ez da gehiago eskatzen. Beraz, zergatik da hemen hain zaila han posible dena?

Proposamena aurkeztu genuenean, esan genuen txostenean proposatutako neurri guztiak hartuz gero ez dakigula helburua lortuko den, baina, ziur gaude, eta zintzotasunez diogu, hau egiten ez bada ez dela lortuko. Gaur indar handiagoz berresten dugu orduko iritzi hura.

Zure idatzian jendartearen atxikimenduaz ari zara. Jakina da duela 25 urte kontsentsu zabala izan zela EAEn. Kontsentsu hori legez artikulatu zen: Erkidegoko ikasleek bi hizkuntza ofizialak, euskara eta gaztelania, ongi menderatu behar zituzten derrigorrezko ikasketak amaitzerakoan.

Lege horren ondotik etorri ziren hizkuntza ereduak hezkuntzarako, eta 25 urte ondoren badakigu zer eman duen horrek guztiak: ikasle guztiek gaztelania ongi menderatzen dute edozein delarik ikasi duten hizkuntza eredua. Haatik, ez da gauza bera gertatzen euskararekin, jende askoren ahalegina handia izan bada ere: Hezkuntza Sailak, Europako ebaluazio maila bateratua erreferentzia hartuta, egindako ebaluazioek argitan utzi dute egoera: A ereduan ikasi duen inor ez da gutxieneko mailan euskaldundu, 0 ikasle; B ereduan aritu den hiru ikasletik bat izan da maila gainditu duena; eta D ereduan aritu direnetatik, berriz, hirutik bi.

Hezkuntzan jarduten dugun langileoi kezka handia sortu zigun gure orain arteko praktika ematen ari dena ikusteak. Oinak lurrean izateak, belarriak eta begiak kalearen parean, eskolaren parean, zerbitzuen parean eta, nola ez, administrazioaren parean izatea ekarri digu. Horregatik, atsegin handiz erantzun genion Kontseiluak egin zigun gonbitari eta lan taldean ilusioz ekin genion lanari. Ilusioz, eta askotan baita boluntarismoz ere.

Orain arte egin dugun bidea da gure berme nagusia. «Ikasle euskaldun eleaniztunak sortzen» proposamena osatzen aritu gara Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluarekin lanean, gogo handiz. Lehenago euskararen alde lan egiten duten beste hainbat erakunderekin egin dugun gisan, EAEn, Nafarroan eta Iparraldean.

Euskararen indarberritzeak ahalegin guztiak behar ditu, eta denok behar gaitu lanean: elkarrengandik banatzen gaituena baino, norberak, den pentsaerakoa izanik ere, ahal duena ekarriz eta eskainiz.

Guk Kontseiluarekin eta herri honetan egunero Euskal Herriak duen kultur ondare nagusia den euskarari eskubidez dagokion lekua zaindu, zabaldu eta exijitzeko borrokatzen duten eragile guztiekin elkarlanean jarraituko dugu.

Elkar ikusiko dugu bidean, Erramun, oinak lurrean!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo